Kirol egokitua bultzatzeko bosgarren hitzorduan bilduko dira
Bosgarrenez, kirol egokitua ikusarazteko eta bultzatzeko asmoz, Barbero Solidario elkartasun jaialdia egingo dute domekan. Lortzen den dirua Haszten elkarteari laguntzeko izango da. Euria eginez gero, Merkatu Plazan egingo dutela adierazi dute.
Urtez urte, egutegian finkatuta dago dagoeneko Barbero Solidario elkartasun jaia, eta babes zabala edukitzen du. Antolatzaileek nabarmendu bezala, «kirol egokituaren eta inklusiboaren aldeko elkartasunak bat egitea» izango du helburu, beste behin. Bizarginek eta ile-apaintzaileek Gernika-Lumoko Industria kalea beteko dute domekan [irailak 21], «dagoeneko errotu den» kirol egokituaren aldeko elkartasun festan, eta, oraingoan ere, Haszten elkartera bideratuko dute bertan bildutako dirua.
Sorkun ileapaindegiak, Hasztenegaz, Gernikako Merkatari Elkartuak-egaz, eta beste hainbat talderen elkarlan eta babesagaz antolatu du bosgarren aldia. Hain zuzen ere, adierazi dute «elkarlanean denentzako kirolaren alde egingo dutela, eta aniztasun funtzionala duten gazte zein umeen errealitatea ezagutaraziko» dutela, horrek duen garrantzia oinarritzat hartuz.
Hainbat bizargin, ile-apaintzaile eta estetizista ariko dira herritarrek ileak eta bizarrak mozten eta herritarren ekarpenak jasotzen. Jakinarazi dutenez, Euskal Herriko profesionalekin batera, kanpotik etorritakoak ere ariko dira zeregin horietan, Industria kalean.
10:00etan hasiko dute jaialdia, Elai Alai Dantzari Taldekoen aurreskuagaz.
Ilea eta bizarrak moztu bitartean, Hasztenekoek dibertsitate funtzionala duten Bizkaiko neska-mutilen errealitateari buruzko saioak eskainiko dituzte: «Jaira bertaratzen direnei aniztasun funtzionala duten gazteen egoera zein den azalduko diete, euren egunerokotasuna ulertzeko». Izan ere, antolatzaileek diotenez, ekimenaren helburua argia da: «Hasztenentzat ahalik eta diru laguntza handiena lortzea da jaialdi solidarioaren helburua, eta horrela behar bereziak dituzten ahalik eta gazte gehienei laguntzea. Izan ere, ume zein nagusiek kirola egiteko diru asko behar dute, dena egokitu behar izaten dutelako».
Askotariko ekintzak. Ile eta bizar mozteez gain, hamaika ekintza izango dira, domeka goizean zehar. Crossfiteko eta Sustabiz Fundazioko kideen erakustaldiek, Danbayan batukadaren eta Ross Dantza Eskolaren emanaldiek eta Dai Bai Skateboarding taldeak girotuko dute jaialdia, besteak beste.
Antolatzaileek parte hartzera animatzeko deia zabaldu diete herritarrei, jaialdia babestea eta helburuagaz bat egitea garrantzitsua baita: «Ilea edo bizarra moztu nahi ez duenak beste era batzuetara ere lagundu dezake. Zozketak egingo ditugu 14:00ak arte».
Aipatu dute domekarako euria aurreikusita dagoela, eta, horrela izanez gero, V. Barbero Solidario jaialdia Merkatu Plazara lekualdatuko luketela.