Alex Hormaetxea, Hondarribiko Grand Slama lortzeko urrats bakarrera
Hondarribiko Grand Slama bariku honetan [irailak 19] iritsiko da azken fasera: final handia. Azken agertoki horretan, gainera, Busturialdeko ordezkaritza egongo da Jostaldi pilotalekuan: Alex Hormaetxea puntista bermeotarrak finala jokatuko du, Ruben Bailo noaindarrarekin batera, 20:00retan hasita. Erik Mendizabal beterano mutrikuarra eta txapelketaren izarretako bat, etxeko puntista Oier Kanpandegi hondarribitarra, finalaurrekoan garaitu ondoren eskuratu ahal izan dute finalerako sailkapena.
Beste finalistek, baina, ez dute ahuntzaren gauerdiko eztularen pareko bikotea osatuko. Izan ere, Bixente Gonzalez miarriztarrak eta Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindarrak maila handiko binomioa osatzen dutela frogatu dute lehiaketa osoan zehar. Finalerako txartela erabateko merezimenduz lortu zuten iragan barikuan, iazko garaileetako bat, Jokin Arbe markina-xemeindarra, eta Ortzi Aldazabal Argoitia berriatuar gaztea menpean hartuta. Ligaxka fasean garaipen bi poltsikoratu ahal izan zituzten Arbek eta Argoitiak, eta finalerdiei begira hautagaitza lepotan zuten, baina azkenean Gonzalezen eta Atainen aldera jo zuen finalaurrekoak.
Jai Aliveko antolakuntzak aurreratu duenaren arabera, enpresaren web orrialdera jo beharra dago, finalerako sarrerak eskuratzeko. Ez hori bakarrik: Arma Plazan kokatutako Turismo Bulegoan ere lor daitezke. Horrez gain, final handia EITBk emango duela aditzera eman dute.