Santa Eufemia eguneko giroan, Xixiliri agur esateko prest dago Bermeo
Lamerako azokak, musika eta bertsoak girotu dute goiza; arratsaldean, txosnen lehiak eta Doluzko ibilaldiak ekarriko dute jaiaren amaiera.
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaien azken txanpan, herria baserri giroan murgildu da gaurkoan [irailak 16], Santa Eufemia egunaren ospakizun berezian. Urteroko moduan, kaleak jendez bete dira, mahoia soinean eta irribarrea ahoan, Xixili agurtzeko falta diren azken orduak gozatzeko. Eguraldia hodeitsua egon den arren, ez du giroa apaldu: goizeko lehen ordutik festa kutsua sumatu da kale eta plazetan.
Lamerako azokak protagonismo berezia izan du urtero bezala. Baserriko produktuak nagusitu dira, eta bisitari zein herritar askok aukera izan dute barazki, gazta, opil eta bestelako jakiak eskuratzeko. «Jende asko gerturatu da, eta erosketak ere ondo ibili dira», adierazi dute saltzaileek. Azokak, hala, Santa Eufemia eguneko giroari ukitu tradizionala gehitu dio.
Goizeko ekitaldi nagusietako bat udal korporazioaren agerraldia izan da. Udalbatzak 12:00etan Alkate Soinua entzun du Goiko plazan, eta, Aiarako Musika Banda eta Bermeoko Txistularien laguntzaz, Gazteluraino joan dira. Han, berriro entzun dute doinu berezia, eta Erraldoien Konpartsaren emanaldia zein Aiarako Musika Bandaren kontzertua izan dira. Kaleetan ere izan dute oihartzuna erraldoiek eta trikitilariek; Arrekatxutxak doinuz jantzi ditu Bermeoko txokoak, festa herrikoia are gehiago piztuz.
Txosnagunean, berriz, talo tailerra antolatu dute goizean, eta askok hartu dute parte. Ondoren, 13:00etik aurrera bertsolaritzak hartu du lekukoa Gaztelun balkoitik balkoirako saio berezian. Onintza Enbeita Maguregi, Aissa Intxausti Aburruza eta Alaia Martin Etxebestek eginiko saioaz gozatzeko plaza jendez bete da, eta beste behin erakutsi du Santa Eufemia eguna, beste gauza batzuen artean, bertso giroko topagune ere badela.
Goizetik hasita, herritar askok Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkartearen diru bilketan parte hartu dute. Boluntarioak kalez kale ibili dira elkartearentzat dirua bildu eta gaixotasunari ikusgarritasuna emanez.
Arratsaldeko egitarauan agurrak protagonista. Eguerdiko atsedenaren ostean, arratsaldean ere ez da ekitaldirik faltako. 19:00etan, Xixiliren Kluedua jolasa egingo da, txosnen arteko lehiaren azken froga puntuagarri gisa. Eta ordubete geroago, 20:00etan, Bermeoko Txosna Batzordeak irabazlea jakinaraziko du, sari banaketarekin batera. Horrek ekarriko du, era berean, aurtengo txosnei agur esatea.
Baina agurrik hunkigarriena gauean izango da. Urteroko Doluzko ibilaldia egingo da, Xixiliri azken agurra egiteko. Aiarako Musika Bandak lagunduta, Goiko plazatik abiatuko dira, eta Portuan bukatuko da, Xixili errez eta jaiei ofizialki amaiera emanez.
Beraz, eguna luze doa Bermeon: goizeko azokatik eta bertso saioetatik, arratsaldeko joko eta lehiaketetara, eta gaueko agur hunkigarri horretara. Santa Eufemia egunak, beste behin, herri osoa batu du mahoi kolorez eta festa giroan.