Serrats eta AZTI, Tuna Awards sarien hirugarren edizioaren irabazle
Ekonomia Zirkularraren kategorian jaso dute saria, lankidetzan eginiko RESALTUN proiektuagatik. Antolatzaileek esan dutenez, "atunaren balio-katean iraunkortasuna maximizatzera bideratutako ekimen berritzaile bat" da proiektu irabazlea.
Tuna Awards sarien banaketa.Bermeo Tuna World Capital ANFACO-CYTMA eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin lankidetzan antolatu dute 2025eko Tuna Awards sarien hirugarren edizioa, eta Ekonomia Zirkularraren kategorian Serrats Kontserba enpresa eta AZTI zentro teknologikoa izan dira irabazleak, RESALTUN proiektu bateratuagatik. Lehiaketaren antolatzaileek azaldu dutenez, “atunaren balio-katean iraunkortasuna maximizatzera bideratutako ekimen berritzaile bat” da proiektu irabazlea.
Marine Instruments enpresa, berriz, Bermeo Tuna World Capitaleko kide dena, Revolución 4.0 kategorian saritua izan zen. Gainera, BTWCko beste enpresa batzuk ere finalista izan ziren, hala nola Zunibal eta Bolton Food.
“RESALTUNek argi adierazten du atunaren aprobetxamendu integralean eta elikagaien alferrik galtzearen murrizketan zentratuta, enpresaren eta ikeketaren arteko lankidetzak ekoizpen-prozesu eraginkorrakoak, jasangarriagoak eta ingurunearekiko arduratsuagoak lortzeko bidea zabaltzen duela”, gaineratu dute Bermeo Tuna World Capitaleko kideek, eta azaldu dute, negozio eredu zirkularra ahalik eta gehien aprobetxatzen duten ekintza eta garapenak aitortzen dituela irabazitako sariak, “azpiproduktuen balorazioa eta beste sektore batzuekin duten lotura sustatuz”.
Hala nola, Maitane Leizaola BTWCko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, RESALTUN proiektuak enpresen, zentro teknologikoen eta sektore publikoaren arteko lankidetzak eragin globaleko berrikuntzak sor ditzakeela erakusten du, “sektorearen lehiakortasuna indartuz eta gure itsasoak babesten lagunduz”.
Jaime Zufia AZTIko Prozesu Eraginkor eta Iraunkorraren koordinatzaileak, bestalde, atunaren balio-katearen beharrizanak aipatu ditu: “Atunaren balio-kateak inoiz baino gehiago behar du eraginkortasun eta jasangarritasun handiagorantz aurrera egitea”. Bide batez, adierazi du aitorpen hori ez dela azken puntua, sektoreari “benetako balioa” emango dioten “irtenbide berritzaileak garatzen jarraitzeko bultzada” baizik.
Bai Serrats Kontserba enpresa, eta baita AZTI zentro teknologikoa Bermeo Tuna World Capital elkarteko bazkideak dira, eta BTWCren ustez, nazioarteko aliantza horrek Bermeo “atunaren jasangarritasunean munduko erreferente bihurtzeko” lan egiten du. Era berean, jasandako nazioarteko aitorpenak “atunaren balio-kateko katebegi desberdinen arteko lankidetzaren balioa” agerian uzten dutela gehitu dute.
Sari horrekin, beraz, euskal atun-sektorea berrikuntza eta jasangarritasunean “erreferente” gisa kokatzen da berriro, eta bere eragileek 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarriko Helburuekin duten konpromisoa nazioartean proiektatzen da.