Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak iaz baino %7,1 bisitari gehiago jaso ditu aurten
Udan 17.400 bisitari baino gehiago jaso izan ditu turismo bulegoak, eta udalak 2025eko irail eta abuztuarekiko "balantze positiboa" egin du.
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak 17.400 bisitari baino gehiago izan ditu uztailean eta abuztuan. Udal ordezkariek adierazi dute 2024an baino «%7,1 bisitari gehiago» izan direla. Hala, turismo bulegoak «balantze positiboarekin» itxi ditu uztail eta abuztuko hilabeteak.
Bulegoko arduradunek emandako informazioaren arabera, iaz baino 1.241 pertsona gehiago igaro dira bertatik. Eta hori «Euskal Herri osoak bizi izan duen goranzko joeraren isla gisa» definitu dute udal ordezkariek. Era berean, aipatutako hazkunde hori, «batez ere, Espainiako bidaiarietan kontzentratu da».
Bisitarien jatorriari dagokionez, Madril, Valentzia eta Andaluziako bisitariak dira zerrendako lehenengoak: «Guztira, 953 bisitari gehiago ekarri dituztela diote datuek». Fluxu horri, gainera, Euskal Herriko hainbat puntutatik etorritako eta nazioarteko turisten eta txangozaleen gorakada txiki bat gehitu behar zaio. Zifretatik haratago, udalaren hitzetan.udak «berebiziko garrantzia» izan du; sinbolismo historikoz betetako Astrako babeslekuak «3.232 pertsona hartu» ditu inauguratu zenetik: «Aterpe hau baliabide turistiko bat baino askoz gehiago da, memoria eta kontzientzia kolektiborako leku bat da. Irekierarekin, bakearen kulturarekiko dugun konpromisoa indartu nahi izan dugu, eta bisitariei historia, emozioa eta hausnarketa uztartzen dituen esperientzia bat eskaini», azpimarratu du Nerea Revuelta Turismo zinegotziak. Aditzera eman duenez, babesleku hori urriaren amaierara arte bisitatu ahal izango da; astelehenetik barikura dago irekita, 12:30etik 13:30era. «Txanda bakoitzeko 35 lagunentzako lekua dago, eta www.gernikainfo.eus web ofizialaren bidez bakarrik erreserbatuko daitezke sarrerak», azaldu dute.
Revueltak, gainera, eskaintza horrek izan duen harrera ona txalotu du: «Erantzunak gure itxaropenak gainditu ditu. Gernika-Lumoko kultura eta hezkuntza eskaintza zabaltzen jarraitzera animatzen gaitu, turismoa pertsonak Gernika-Lumoko historia eta nortasunarekin lotzen dituena baita».
Jasotako datuekin eta proposamen berrien sendotzearekin, Gernika-Lumo Euskal Herriko turismo kulturalaren «erreferentziazko poloetako bat» dela nabarmendu dute udal ordezkariek.