Gaztelugatxeko Monumentu Naturalaren Lankidetza Kontseilua sortu dute
Organo berriak Gaztelugatxeko gune babestu honen kudeaketan inplikatuta dauden administrazioak koordinatzeko aukera emango du, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera. Izan ere, asko eta askotarikoak dira bertan eskumena duten administrazioak, eta, ondorioz, "lankidetzarako tresna egonkorra" behar zelako sortu dute kontseilua.
Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko Monumentu Naturalaren Lankidetza Kontseilua sortu du, horretarako Foru Dekretua onartuta. Organo berri horren helburua da enklabearen eta inguruaren kudeaketan inplikatuta dauden administrazioen arteko koordinazioa indartzea da, inguruaren kontserbazioa eta espazioaren erabilera ordenatua bermatzeko. “Organo berri honekin aldundiak lankidetza esparru egonkorra eman nahi dio Gaztelugatxeren kudeaketari, espazioaren kontserbazioa bermatzeko eta lekuari lotutako erabilerak behar bezala arautzeko”, azaldu dute aldundiko ordezkariek.
Izan ere, gogoratu dute Gaztelugatxe Biotopo Babestu izendatu zutela 1998an, eta 2013tik Natura 2000 Sarearen parte dela, Kontserbazio Bereziko Eremu eta Hegaztien Babes Bereziko Eremu modura. Gainera, 2021an Babes Bereziko Kultura Ondasun modura aintzatetsi zuten, Kultura Paisaia kategoriagaz, eta 2022an Natura Monumentu gisa birkalifikatu zen (lehen biotopo babestua) eta bere babes maila handitu. Hori guztia kontutan hartuta, asko eta askotarikoak dira bertan eskumena duten administrazioak, eta, ondorioz, “lankidetzarako tresna egonkorra” behar zelako sortu dute kontseilua.
Kontseilua aholku emailea izango da, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailari atxikita egongo dela jakinarazi dute. Izan ere, Kontseiluko lehendakaria Arantza Atutxa sail horretako diputatua izango da, eta lehendakariordetza Bermeoko eta Bakioko udalen eskuetan geratuko da, eta hori txandakatuko dute. Gehitu dute, osoko bilkuretan, era berean, Eusko Jaurlaritzako eta aldundiko ordezkariek ere parte hartuko dutela, natura, kultura eta intsasertzaren kudeaketako arloetakoek.
Organo honen zeregin nagusia izango da ordezkatutako administrazioen interesak eta jarduerak koordinatzea, euren arteko lankidetza sustatzea eta Gaztelugatxegaz lotutako ekimen bateratuak adostea. Era berean, inguruaren kudeaketa eta kontserbazioa hobetzen laguntzeko proposamenak aurkezteko espazioa ere izango dela diote, ospakizun tradizionalei buruzko informazioa ere jasoko duela esanda.