Zin-bidea ezagutuz amaituko dituzte Bizkaiko Ibilbide Historikoak
Barikuan [irailak 12] osatuko dute lehen etapa eta zapatuan [irailak 13] eta domekan [irailak 14] Busturialdean ariko dira.
Bizkaiko Foru Aldundiaren 2025eko Ibilbide Historikoak programa Busturialdean amaituko da, Bizkaiko Zin-bidea ibilbidea ezagutzeko aukeragaz. Bizkaiko Zin-bidea Bizkaiko Jaunak foruen zina egiten zuen tokietatik igarotzen da. “Gure lurralde historikoaren bihotza zeharkatzeko eta gure identitate politikoaren jatorria ezagutzeko modu interesgarria da”, azaldu dute.
Barikuan [irailak 12] hasiko dute lehen etapa, Bilbotik atera dira goizean goiz eta Larrabetzura arteko bidea egingo dute. Zapatuan [irailak 13] sartuko dira Busturialdean, Morgatik, Aretxabalagane eta Gerekiz zeharkatuko dituzte, Gernika-Lumora heldu arte. Azkenik, domekan [irailak 14], azken etapa osatuko dute Bermeoraino helduz. Bidean, besteak beste, Foruko San Kristobal baselizan, Busturiko Galtzada Erreala edota Mundakako Santa Katalina baseliza bisitatuko dituzte bidean. 18 eta 20 kilometroko ibilbideak dira, hurrenez hurren.
Prezio orokorra 5 eurokoa da eta eskaintza berezia dute 4 eurotan 26 urtetik beherakoentzat, 60 urtetik gorakoentzat, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat, langabeentzat, pentsiodunentzat eta familia ugarikoentzat. Horrez gain, 12 urtera arteko umeek doan egin dezakete ibilbidea.
Zin-bidea Bilbotik abiatzen zen, Gernika-Lumon zuen erdigunea eta Bermeon amaitzen zen. Ibilbide horretan, Bizkaiko foruen zina egiten zen lekuak eta monumentuak ezagutzeko aukera izango dute ibiltariek. “Gure historia eta Bizkaiko foruen esentzia dira esperientzia honen ardatz nagusia, eta aukera paregabea da gure ondare historiko ezezagunena eta Bizkaiko barnealdeko eta kostaldeko paisaien aberastasuna eta aniztasuna ezagutzeko”, diote.
Uda osoan zehar
Bizkaiko Ibilbide Historikoak azken ekintza honekin amaitu dituzte. Ekainetik irailera bederatzi plan izan dira antolatu dituzte, “Bizkaia ezezaguna ezagutzeko, normalean bisitatu ezin diren gune paregabe eta berezietara hurbiltzeko”. Ekainean, adibidez, Burdinolen Ibilbideen baitan, Lea ibaiaren ibilbidea osatzeko aukera eman zuten. Gainera, uztaileko ibilbide arkeologikoetan, Ereñozar Gaztelua, Arrolako Oppiduma edota Katillotxu estazio megalitikoa bisitatu zituzten. “Ibilbide hauek Bizkaiko historian murgiltzen dute bisitaria, paisaia historikoak bisitatuz eta aztarnategietara eta aparteko baliabideetara bisita gidatuak eginez”.