Trantsiziorako denboraldia, esperientzia hartzeko
KAE2 ligako laugarren postura iltzatuta ibili dira Busturialdea Arraun Elkarteko kideak, estropada guztiak postu horretan amaitu baitituzte, bat salbu. Ondorioz, esperientzia hartu dute, eta hurrengo denboraldian helburu berriak jartzeko prest daude.
Busturialdea Arraun Elkarteko kideak. Busturialdea Arraun Elkartea Paladaz palada, estropadaz estropada igaro dute uda arraunlariek. Batera eta bestera ibili dira, hainbat herritako portuak eta errekak ezagutuz eta horietan lehiatuz, eguraldiari zein itsasoaren egoerari aurre eginez. Arraunkadaz arraunkada, norbere onena ematen ahalegindu dira arraunlariak, metroz metro euren denborak hobetzen. Baina laugarren postura iltzatuta ibili dira aurtengoan Busturialdea Arraun Elkarteko kirolariak, KAE2 ligan.
Laugarren postua lortu dute denboraldiko sailkapen orokorrean, baita estropada guztietan ere, batean izan ezik: Lekeitioko I. Burdinola Banderan. Zehatz esateko, hirugarren sailkatu ziren lehia horretan. Hala, denboraldi ia guztian aurretik izan dituzte Hibaika, Orio eta Portugalete, eta eskualdeko eskifaiako arraunlariek ezin izan dute lehen postu horietan ibili diren horien maila lortu. Hasierako helburuak ziren taldea egonkortzea eta igoera kanporaketara sailkatzea, eta, ondorioz, denboraldiko balorazioa ez da bikaina izan, baina denboraldi honek ikasteko balio izan diela onartu du Patxi Egurrola taldeko entrenatzaileak: «Aurrerago ibiltzea espero genuen denboraldi hasieran, baina hasiera-hasieratik laugarren postura iltzatuta geratu ginenez, ez da posiblea izan. Play-offetara sartzea espero genuen, baina ezin izan da, eta datorren urtean saiatuko gara».
Joan den denboraldia «trantsizio urtea» izan izana espero du, datorren denboraldian gorago egoteko aukera izateko. Ze, taldean elkar ondo ulertzen dute arraunlariek, ondo entrenatzen dute. «Talde modura oso ondo funtzionatu dugu, oso ondo entrenatu dugu. Arraunlariek eskuzabal jokatu dute, inplikatu egin dira, baina esperotako maila baino apur bat beherago ibili gara. Hala ere, arraunlariek beste urtebeteko esperientzia hartu dute, eta horrek etorkizunera begira asko lagunduko digu», gehitu du Egurrolak. Izan ere, talde «gaztea» da, eta denbora behar du aurrera egiteko: «Gogoa badaukagu, dena daukagu».
Taldearen gaztetasun hori eskualdean arraunaren harrobia suspertzeko proiektuak aurrera segitzen duen seinale da, Egurrolaren berbetan: «Busturialdea Arraun proiektua eskualdeko arraun talde txikientzat oso garrantzitsua da, eta bide horretan aurrera goaz, bai mutilak, bai neskak arraunera gerturatuz. Esperientzia hartzen goaz geldiro-geldiro, eta esperientzia horrek balioko digu datorren urtetik aurrera beste helburu batzuei heltzeko».
Muruetan, lehenengoz
Sailkapenari dagokionez, beraz, ez da espero bezain denboraldi ona izan, baina, uretatik kanpo ere, lan ederra egin dute Busturialdea Arraun Taldeko arduradunek. Izan ere, ez bat, bi estropada prestatu dituzte: Elantxobeko etxekoa —37. aldia izan da—, eta Muruetakoa, lehenengoz. «Bi estropada horiek antolatzeagatik oso pozik gaude talde modura. Hala ere, trainerilletako beste bi antolatu ditugu Laidan eta Errenterian», gehitu du Egurrolak.
Muruetako estropada lehenengoz egiteko «oztopo piloa» izan dituzte antolakuntza aldetik, baina denak gaindituta, aurrera ateratzea lortu izana azpimarratzekoa dela uste du Egurrolak: «Pentsatzen dut arrakastatsua izan zela ikuskizun aldetik. Gainera, parte hartu zuten taldeen balorazioak ere jaso ditugu eta onak izan dira». Ikusten ez den lan asko dago estropada bakoitzaren atzean, ez bakarrik arraunlariena, baita antolatzaileena ere; izan ere, hainbat behar izaten dute egiteko.

Busturialdea Arraun Elkarteko kideak.Busturialdea Arraun Elkartea
Dena ondo ateratzea «ederra» dela dio Egurrolak: «Ederra da dena ondo joan dela ikustea. Elantxobeko estropada antolatzen 37 urte daramatzagu, eta ia dena izaten dugu kontrolpean. Baina Muruetakoa benetako erronka izan da. Antolaketa aldetik laguntza izan dugu, batez ere, Julen Karrion Muruetako alkatearena eta Gernika-Lumoko Kirol Patronatuarena. Hiru edo lau instituzio ibili gara elkarregaz buru-belarri lanean. Eskualde ikuspuntutik, elkarlanerako proposamena izan da, eta denok gainditu dugu». Aurton nabarmentzeko zeozer egon bada, Muruetako estropada aurrera atera izana dela deritzo: «Muruetako estropada aurrera ateratzea pauso garrantzitsua izan da talde modura».
Egurrolak uste du Gernikarentzako, Muruetarentzako zein eskualdeko herritarrentzako beste «ekitaldi berezi» bat sortu dutela, errekari bizia eman diona: «Ze, erabiltzen ez dugun erreka bat daukagu, eta balorazioa oso positiboa da alde horretatik». Izan ere, erreka horretan aritzen dira entrenatzen taldeko txikienetatik hasi, eta nagusienera artekoak, erreka arraun doinuz, trainerillez eta batelez betez. Errenteriako, Muruetako eta Sukarrietako tartean aritzen dira, eta, beraz, entrenatzen duten leku horretan lehiatzea berezia izan da: «Erreka eszenatoki ezin hobea da horrelako kontuetarako, beti errespetuz eta ingurugiroa zainduz egiten bada, noski. Baina uste dut errekari bizia eman diola estropadak, eta aukera asko izan ditzakeela guneak. Gehiago aprobetxatu behar da, bizitasuna eman behar zaio».
Harrobia sano dago, badaude arraunlariak eskualdean, eta Busturialdea Arraun Elkarteak antolatutako lehiaketez gain, beste hainbat arraun talde ere badabiltza harrobia sustatzen. Esaterako, Mundaka Arraun Taldeak 50. urteurrena du aurten, eta Bizkaiko Txapelketa antolatu zuen: «Beraz, denon artean estropada piloa antolatu ditugu eskualdean, eta uste dut ikuspuntu horretatik balorazioa ezin hobea dela».
Dagoeneko hastear dute denboraldia: txikienak laster ibiliko dira arraunean, eta atsedena hartzen dauden nagusiagoek urrian jantziko dute entrenatzeko arropa: «Orain deskatsatzen ari dira, baina gogotsu gaude, hasteko prest. Datorren urtea polita izango da Busturialdeko traineruarentzat, eta horretarako buru-belarri prestatzeko prest gaude».