Janire Arrizabalagak 49. Lizardi Saria irabazi du
Barikuan [irailak 5] Zarauzko Modelo aretoak hartu zuen bertso gazteen finala. Gernika-Lumotarrak orain Bizkaiko Txapelketa dauka helburu.
Arrizabalaga txapelagaz eta finalistekinGuka Zarautz Janire Arrizabalaga pausoak ematen jarraitzen du bertsolaritzan. Barikuan [irailak 5] 49. Lizardi Saria irabazi zuen Zarautzeko Modelo aretoan. Bertsolari gazteen final handian hautagaien zerrendan bazegoen ere, lan “oso fina” egin zuela adierazi zuten antolatzaileek eta “ongi merezitako” txapela jantzi zuen.
270,5 puntu lortu zituen gernika-lumotarrak, bigarren Maddi Agirre gasteiztarra, 251 puntugaz; eta jarraian, Irati Alcantarilla urruñarra, 248 puntugaz; Iker Ormazabal Tturko hernaniarra, 241 puntugaz; Elixabet Etxandi izpurarra, 238,5 puntugaz; eta, azkenik, Aimar Sorazu zarauztarra, 219,5 puntugaz. Era berean, finaleko bertsorik onenaren saria ere Arrizabalagaretzat izan zen, hamarreko txikiko ariketako hirugarren bertsoagatik.
Gernika-Lumotarrak aitortu du “hotz eta urduri” hasi zuela saioa, baina Zortziko Handirako dagoeneko beldurrak kenduak zituela. Saioa “irregularra” izan dela nabarmendu du, denek ala denek momentu onak eta ez hain onak izan dituztela eta horregatik berdintasuna egon dela. “Zortziko Txikian erreferentziekin asmatu dudala esango nuke eta Hamarreko Txikian lehertu dudala uste dut. Hori bai, gero Kartzelakoan oso urduri jarri naiz berriro”, esan du. Horrez gain, ikusleen berotasuna eta batez ere lagunen txaloak asko eskertu ditu.
Orain, Bizkaikora begira
Bizkaiko Txapelketarako entrenamendu moduan hartu izan du Arrizabalagak Lizardi Saria: “Gernika eta Durango ingurukoekin taldetxo bat sortu dugu bertsotan aritzeko eta Bizkaiko Txapelketara lasaiago eta konfiantza gehiagogaz heltzeko balioko dit txapelak. Nire bigarren Bizkaiko Txapelketa da, aurten ere kanporaketetara heltzea lortu dut, beraz, zergatik ez finalerdiekin amestu”.