Zapore gozoko, lagunarteko eta giro bikaineko Andra Mari jaietan murgilduta dabiltza
Atzo (irailak 5) hasi zituzten herriko festa nagusiak Gorozikan eta Nabarnizen, eta, gaur (irailak 6), aldiz, Muruetan.Ā Azken horretan 11 paella aurkeztu dituzte lehiaketara eta Paul Ormaetxea herriko kirolaria omendu dute.
Andra Mari eguna astelehena (irailak 8) bada ere, jai horien bueltako jai giroan bete-betean sartuta daude Gorozikan, Muruetan eta Nabarnizen. Kanalan, aldiz, datorren asteburua izango dute ospakizunen erdigune. Atzo (irailak 5) hasi zituzten herriko festa nagusiak Gorozikan eta Nabarnizen, eta, gaur (irailak 6), aldiz, Muruetan.Ā
Muruetarrek herri txikien esentzia bermatzen duten jai egunak antolatu dituzte, txapeleketez beterikoak. Izan ere, paella eta tortilla txapelketen txanda da gaurkoa, baita briskan onena nor den erakustekoa ere. Hala, goizetik hasi dira paellak prestatzen muruetarrak, eta janari usaina presente egon da herrigunean. Denetariko paellak prestatu dituzte herritarrek: oilaskodunak, barazkiduna edota itsaskiduna. Hala, denetara 11 paella aurkeztu dituzte lehiaketara, eta ez da erabaki erraza izan. Izan ere, puntuazioari erreparatuz gero, lehenengo postuan berdinketa egon da, 57 punturekin. Hala ere, paellaren puntuan lortutako puntuazioa kontutan hartuta, Hirubide izan da onena, 57 puntugaz baina paellaren puntuan 24 puntu lortuta. Hain zuzen ere, arrozaren puntuazio horretan puntu bat gutxiago lortu du bigarrenak (23 puntu). Hala, bigarren saria BiziPozik taldearentzako izan da, eta hirugarrena, Riki-Riki izeneko paellarentzat, guztira 56 puntu lortu baititu. Epaimahaikideek parte hartzaileen maila ona nabarmendu dute.Ā

Paellak prestatzen zituzten bitartean, gainera, iazko legez, Sustabiz FundazioarenĀ herri kirolen saio parte hartzaileak hartu dute herria, eta bertaratutakoek herri kirol desberdinak probatzeko aukera izan dute. Izan ere, goiz eguerdian denetariko probak egin dituzte: harri jasotzean ibili dira, baita txinga eroatean, ingudea altxatzen, lokotxak biltzen, trontzan eta giza probetan ere.
Gainera, Paul Ormaetxea herriko kirolariari bere lana aitortu diote, lehiatu dituen proba ezberdinetan izandako maila ona aitortuz eta sarituz. “Etxe ondokoa da, herriko semea, eta Muruetako herriaren izenean, bere lana aitortu gura izan diogu. Ohore bat da horrelako kirolariak herrian izatea. Hasieran txirrindularitzan aritu zen Paul, gero beste modalitate batzuetan. Eskerrak eman gura dizkiogu egiten duen lanagatik”, esan du Julen Karrion Muruetako alkateak. Hori esanda, eta Ormaetxeak proba ezberdinetan irabazitako hainbat txapel dituela jakitun, Muruetako koloreak daramatzan kirola egiteko arropa eman diote.

Ormaetxeak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio bai udalari, bai herriari, horrelako omenaldiek bere lana aitortzen dutelako: “Eskerrik asko denoi holako omenaldiak eskertzen baitira. Egiten dugun esfortzua saritzen dute, eta eskerrik asko”.
Mozorrotzeko unea.Ā
Andramariak jai egun handiak diraĀ nabarniztarrentzat ere bai, eta aurten ere, denetariko ekintzez gozatuko dute. Ohiko dantza ikuskizun, pilota partidu edota umeen jolasak izango dituzte aukeran.
Gaur, jaien egun handian batu dira, mozorrodun herri bazkarian. Topagunea da herri bazkari hori herritarrentzat, izan ere, lehen kuadrilla bakoitzak bere erara eta tabernetan egiten zuen bazkaria, eta orain, elkarregaz batzeko eta elkarregaz egoteko aukera paregabea da.Ā
Gainera, txikienek ere zirkugintza tailerrean parte hartzeko aukera izan dute. Eta, beste batzuk, musean zein briskan aritu dira. Iluntzea Orkestra Elektrotunak girotuko du, eta ostean, gauean, The Clayton eta Trikitizio igoko dira oholtzara. Ostean, Dj Barbil girotuko du goizaldea.
Gorozikan, ume eta gazteen zesta punta eta eskupilota partiduekin abiatu dute eguna gaur, eta Sustabiz Fundazioaren eskutik, herri kirolen erakustaldia eskaini dute herriko eta inguruko kirolariekin. Gero, afari herrikoia egingo dute, eta su artifizialez gozatzeko aukera ere egongo da herrian, Kittu taldearen erromeriaz gozatzeaz gain.
Jaiak ez du etenik.
Bihar, berriz, Sustabiz Fundazioaren herri kirol saioak hartuko duĀ Nabarnizko pilotalekuan. Herri kirolari profesionalak ekarri ordez, eskualdekoen aldeko apustua egingo dute. Toki berak hartuko ditu, arratsaldez, Garferen esku pilota neurketak.Ā
Bihar, Muruetan, iaz lehenengoz egin zuten Goitibehera lasterketak hartuko du herria. Baina, aurretik, Lilibertsoko bertsolariak ibiliko dira giroa girotzen, eta euskal dantzak eskainiko ditu Urdaibai dantza taldeak. Hala ere, inertzia proba amaitutakoan, txokolate janean, mus txapelketan zein pala txapelketan biltzeko aukera izango dure herritarrek.
Gorozikan, bestalde, hamaiketako herrikoia, umeen jolasak eta txokolate jana izango dituzte bihar.