"Nahikoa da! Genozidioari ez!"
Egunetik egunera gogorragoa da palestinarren egoera, euren aurkako genozidioa. Hala, Palestinaren aldeko oihu kolektiboa isildu ez dadin, protesta zaratatsuak egin zituzten atzo hainbat herritan, Gernika-Palestina herri ekimenak deituta.
Gernika-Lumoko Foruen plaza bete zuen atzo Gernika-Palestinak deitutako eltxe jotzeak. Nola gogortu liteke genozidio bat? Nola gogortu herri baten suntsiketa sistematikoa? Basakeria, masakrea, tortura… nola gogortu? Egunetik egunera gogorragoa da palestinarren egoera, euren aurkako genozidioa. Hala, Palestinaren aldeko oihu kolektiboa isildu ez dadin, protesta zaratatsuak aurrera eroan zituzten aurrera atzo (ekainak 5), tartean Ajangizen, Busturian, Bermeon edota Gernika-Lumon, Gernika-Palestina herri ekimenak deituta; denetara, 130 herri ingurutan bildu ziren bizilagunak, horietako asko, eskualdekoak.
Etxeko kazolekin edo lapikoekin hurbildu ziren udaletxe aurreetara herritarrak, eta zarata atera zuten, egunetik egunera “gogorragoa” den sarraskiaren aurka ahotsa altxatuz: “Gernikaren Euskal Herritik Palestinara doa gure oihua: Nahikoa da! Genozidioari ez!“. Herri handietan ez ezik, txikietan ere bildu ziren bizilagunak, genozidioa gelditzeko oihua herri handi zein txikietatik zabaltzeko asmoz.

Ajangizko udaletxe aurrean Palestinaren aldeko eltze hotsa zabaltzeko bildu ziren herritarrak.Ajangizko Udala
Hala, Estitxu Fernandez kazetariak idatzitako berbak irakurri zituzten. Eta hala zioten: “Zer da ba genozidioa, egunetik egunera etengabe gordintzen doan erabateko suntsiketa ez bada?. Izan ere, oihu lazkarrien aurrean, hemen, Palestinatik urrun, “hitzak ere isilik” daudela salatu zuten: “Genozidio, sarraski, masakre, suntsiketa, tortura, basakeria… hitz horiek balioa galtzen dute gure etxeko sofan, kuxinen artean galtzen dira, esku artean daukagun kafesnearen lurrunean”.
Ze, han, Palestinan, umeak dira sarraskituak: “Pentsatzen dugu emakume haurdunengan, sabelari helduta, desesperazio hori… Baita jaiotzear ziren umeengan ere. Ikusten ditugu sutan zegoen likido ammniotikoan belarriak esku txikiekin tapatzen, begiak ixten, tormentuaren oihua itotzen… Pentsatzen dugu sekula jaioko ez diren umeengan, genozidioaren biktima ezikusiak direnengan… Eta jaiotzea lortu duten jaioberrietan ere pentsatzen dugu, euren sufrimenduan, zintzurra urratzen garrasi ozenez mundu mendebaldarraren belarrietara”.

Busturitarrek ere genozidioa amaitzeko oihua plazaratu zuten.Busturia Palestina Herri Ekinema
Baina herritarrak ere badira sarraskituak: euren lurretik dira erauziak, desplazatzera behartuak. “Azpiegitura oinarrizkoak suntsituta dituzte, goseak hiltzen daude, egarriak itotzen. Elikagai bila joandakoan tirokatuak dira, bonbardatuak. Gau eta egun dira bonbardatuak, ezin iraunean dauden ospitaleak bezala”, adierazi dute gaurko elkarretaratzean.
Hain zuzen ere, ospitaleak ere ez dira sarraskitik libratzen. Nazioarteko legeek babestutako “toki seguruak” izan beharko litzateke, baina horiek ere sarraskituak direla salatu zuten: “Zaurituei eta umeen desnutrizioari ezin erantzun daude ospitaleak”.

Bermeon Goiko plazatik zabaldu zuten Palestinaren aldeko mezua.Bermeoko Udala
Egoera “ezin zailagietan” munduari genozidioa erakusten ari diren kazetariak ere sarraskituak dira. “Gaza da kazetarien munduko hilerri. Eurak dira genozidioa munduari erakusten ari direnak, batez ere horrek umeengan duen eragin krudela erakutsiz”, gehitu zuten.
Umeak dira sarraskituak, herritarrak dira sarraskituak, ospitaleak dira sarraskituak, kazetariak dira sarraskituak… Finean, Palestina da sarraskitua: “Nazioarteko inpunitatearekin da sarraskitua gainera. Munduaren begien aurrean ari da Israel begi-bistan dugu triskantza egiten, eta ez du erantzun irmorik. Baina ezin da gehiago luzatu ankerkeria hau. Ajangiztik, Gernikatik, Bermeotik, Busturiatik… Palestinara doa oihua: Nahikoa da! Genozidioari ez”!