'Bizkaiko Hitza'-k sarean landuko du egunerokoa, papera utzita
Hamabost urtez etenik barik argitaratu dira Bizkaiko Hitza eta Gipuzkoako Hitza astekariak, baina uztailekoa izan zen euren papereko azken alea, eta, ondorioz, gaur (irailak 5), Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako harpidedunek ez dute Bizkaiko Hitza papereko astekaria jaso, orain arte bezala. Beste etapa bat hasi dute, eta lurralde informazioa Berriaren webgunean jasoko dute.
Lurraldeko Hitzek 685 zenbaki kaleratu dituzte
Berriak sortu zituen herrialdeetako Hitza-k, 2010eko azaroan, sumatuta bazela informazio jario bat Berriaren irakurleengana iristen ez zena. Eskualdeetako Hitzekin eta Atariarekin elkarlanean abiatu zituen astekari horiek, eta 685 zenbaki egin dituzte. Dozenaka kazetari eta kolaboratzailek parte hartu dute agerkari horietan, eta haiek egindako lana nabarmendu du Eider Goenaga Berriako zuzendariordeak: “Hamabost urte hauetan, Hitzek ekarpen nabarmena egin dute: Berriara lurraldeetako informazioa ekarri dute, eta Berrian lekua eman diete bestela lekurik izango ez zuten lurraldeko eragile eta pertsona askori”.
Lurraldeetako informazioaren garrantzia azpimarratu du, hain zuzen ere, zuzendariordeak: “Berria egunkari nazionala da, eta ikuspegi nazionala ematen du; gero, tokiko asko ere badira, herrietan eta eskualdeetan. Baina lurraldearen osotasunetik begiratuta, hutsune bat badago euskarazko informazioan, eta inportantea da: erabaki asko eta gertakari asko izaten dira lurralde mailan, diputazioetan adibidez, eta jende askori eragiten diete informazio horiek. Berria, batzuetan, ez da ongi iristen informazio horiek ematera, eta herrietako tokikoak ere, askotan, ez dira iristen informazio horietara. Hor badago, beraz, informazio behar bat, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurraldeei dagokienez”.