Bermeoko txosnek jaiei aurrea hartuko diete
Antolatzaileek irailaren 6tik 16ra bitartean egitarau zabala prestatu dute: kontzertuak, lehiak, erromeriak eta haurrentzako ekintzak izango dira
Argazkia: Bermeoko Txosna Batzordea Bermeoko jaiak badatoz eta txosna batzordeak azken xehetasunak lotuta dauzka. Aurten, jaiei hasiera emateko, txosnagunea egun bat lehenago irekiko dute: irailaren 6an, zapatua izanik, ateak zabalduko dituzte. “Txosnak ekonomikoki mantentzeko aukera hobea dela uste dugu, eta gainera herri bazkaria egiteko beharrezkoa genuen eguna zen”, azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, sukalki eguna irailaren 13an ospatuko denez ez zien tarterik ematen bazkaria antolatzeko.
Zapatuan, 12:30ean egingo dute txupinazoa txosnagunean bertan, eta 13:00etan trikipoteoa hasiko da Hots kolektiboaren eskutik. Ondoren, 15:00etan txosnalarien bazkaria egingo dute; aurten 240 lagun inguru bilduko dira bertan. «Bazkariko txartelak lehentasunen arabera banatu ditugu, txosnetan lan egiten duen jendearen ekarpena saritzeko», esan dute batzordetik. Bazkalostean Izaro eta Elenaren emanaldia izango da, eta iluntzean, 21:00etan, Eingule Bermeori buruzko tribiala egingo dute. Gauerdian, berriz, Abiadura lasterketa egingo dute, kuadrilen arteko lehiarako puntuagarria izango den lehen ekitaldia.
Domekan kontzertuak izango dira nagusi. Dupla eta Sukena arituko dira Lamerako oholtzan. Hilaren 8an, Andramari eta Almikako egunean, 18:00etan mus txapelketa egingo dute txosnaguneko karpan, eta gauean The Hot Tubes banda izango da Lameran.
Arrantzale eguna irailaren 9an ospatuko da, bermeotarrentzat jaietako egun handiena izaten da. Egun horretan, 19:00etan hasiko da egitaraua, Gotx Elektrotxarangaren doinuekin. I Love Italia taldea Lameran arituko da. Ondoren, 22:00etan, Zutik taldeak erromeria eskainiko du, eta gauerdian gaueko jolasak egingo dira, horiek ere puntuagarriak izanik kuadrilen lehiarako.
Hurrengo egunetan, bestelako jarduera ugari izango dira. Hilaren 10ean bingo musikatua egingo dute; 11n, berriz, tortilla txapelketa izango da 17:00etan hasita. «Urtez urte gero eta tortilla gehiago aurkezten dira, eta sekulako arrakasta lortu du lehiaketak», nabarmendu dute antolatzaileek. Iluntzean Addar eta Elizabeltz taldeek joko dute Lameran.
Irailaren 12a mozorro eguna izango da; aurtengo gaia Turismoa delarik. Egun horretan elkartasun estropada egingo dute arratsaldean. 19:30ean queer poteoa abiatuko da eta gauean Adur eta Lukiek izango dira protagonista. Hurrengo zapatuan, hilaren 13an, Laprast erromeria izango da, eta domekan, hilaren 14an, Puro Relajo taldea.
Bestalde, antolatzaileek gogorarazi dute txosna txikiko egitarauak berriro ere bere lekua izango duela. «Joan zen urtean balorazio oso positiboa egin genuen, ume asko hurbildu ziren, eta aurten berrikuntza gehiago ekarri ditugu», azaldu dute. DJ Kaktus arituko da haurrentzako prestatutako emanaldietan, eta zirku gala bat ere egingo dute. «Txosnak ez dira soilik nagusientzat, adin tarte guztiek euren lekua izan dezaten nahi dugu», esan dute.

Motx pailazoa txosnan
Antolatzaileek eraso matxisten aurkako protokoloaren garrantzia ere azpimarratu nahi izan dute. «Aurreko urtean gabezia batzuk antzeman genituen, eta aurten hobetu nahi izan dugu. Ernaiko kideek ardura hartu dute protokoloa lantzeko, eta formakuntzak eman dituzte uda honetan», adierazi dute. Txosnagunea zabalik dagoen bitartean, txandalarien artean «txandalari morea» izango da beti, protokoloa aktibatzeko arduradun.
Azkenik, Santa Eufemia egunean, irailaren 16an, bukatuko dira jaiak. Goizean talo tailerra egingo dute, eta arratsaldean Xixilin kluedua izango da. 20:00etan banatuko dituzte kuadrilen arteko lehian bildutako sariak, eta horrekin amaituko da jaien egitaraua. «Egun hori oso berezia da bermeotarrontzat», esan dute batzordeko kideek.