Janire Arrizabalaga 49. Lizardi Sariko finalerako sailkatu da
Barikuan [irailak 5] jokatuko dute finala, ohi bezala, Zarautzen. Gernika-Lumotarra aurre kanporaketako bigarren puntuazio maila altuenagaz helduko da.
Lizardi Sariak urtero Euskal Herriko bertsolari gazterik onenak biltzen ditu eta dagoeneko 49 urte bete ditu bere horretan. Aurtengo finala zehaztuta dago dagoeneko, eta bertan izango da Janire Arrizabalaga gernika-lumotarra. Betiko legez Zarautzen eta Motxian-Etxebeltz Bertsoguneak antolatuta, bihar [irailak 5] lehiatuko dute finala, 22:00etatik aurrera Zita Modelo aretoan. Sarrerak bertan erosi ahalko dira. Final handia baino lehen bi kanporaketa jokatu dira aurretik, eta honako seikotea iritsi da finalera: Irati Alcantarilla, Elixabet Etxandi, Janire Arrizabalaga, Iker Ormazabal Tturko, Maddi Agirre eta Aimar Sorazu.
Lizardi Sarian 16 bertsolarik hartu ohi dute parte, baita aurtengo txapelketan ere. Lehen kanporaketan Elixabet Etxandi izpurarra nagusitu zen 209,5 punturekin. Berekin batean aritu ziren Iker Ormazabal Tturko (209), Maddi Agirre (209), Beñat Astiz (190), Amets Aizpurua (190), Malen Altzuart (188), Danel Herrarte (179,5). Bigarren kanporaketan Irati Alcantarilla urruñarra nagusitu zen, 217,5 punturekin. Jarraian ziren Janire Arrizabalaga (209,5), Aimar Sorazu (204,5), Irune Basagoiti (196,5) Eli Zaldua (196), Joanes Azpillaga (190), Igauri Lopetegi (180,5) eta Oibar Olano Azkonita (162,5).