“Badaezpada, Bermeon erosi”: herriko merkataritza indartzeko kanpaina abiarazi du Udalak
Bi koloretako aterkiak banatu dituzte parte hartu duten dendetan, eta mezu nagusia argia da: herrian erostea etorkizunaren eta bizitzaren alde egitea da.
Bermeoko Udalak, Behargintzaren bitartez, merkataritza lokala babesteko ekimen berria jarri du abian: “Badaezpada, Bermeon erosi”. Kanpainaren bidez, herritarrei herrian bertan kontsumitzeko deia egin nahi diete, saltokien jarduna sendotzeko eta bezeroak fidelizatzeko.
“Bermeon erosteak gure herriaren etorkizunaren eta eguneroko bizitzaren alde egitea esan nahi du; merkataritza hurbila gure identitatearen eta kohesio sozialaren motorra da”, nabarmendu du Maite Caruezo Ugalde Bermeoko Udaleko Garapen Ekonomikorako zinegotziak.
Kanpainarekin bat egin duten saltokietan aterkiak banatu dituzte, bi koloretako urdinak. Irudi berezia daramate, bertoko artista baten lanarekin apainduak, eta horrek Bermeoren nortasuna islatu nahi du. Osagarri praktikoa ez ezik, sinbolikoa ere izan daitekeela azpimarratu du Caruezok: “Euria zein eguzkia egin, badaezpada aterkia erabil dezakegu; eta, era berean, herri gisa batzen gaituen ikur moduan ere balio dezake”.
Udalak azaldu duenez, kanpaina jai nagusiekin eta udazken hasierarekin uztartzea egokia iruditu zaie. Izan ere, sasoi horretan eguraldi aldakorra izaten da, eta aterkia erabilera erosoa izateaz gain, ikusgarritasun handia emango dio ekimenari.
Gainera, kanpainaren mezua zabaltzeko bideoa ere prestatu dute. Horretan, herritarren ohiturak hartu dituzte abiapuntu: askok itsasora edo Sollubera begiratzen dute zeruari erreparatzeko. Irudi horren bidez gogorarazi nahi izan dute ikuspuntu bakar bati ez zaiola eutsi behar, eta ingurukoak kontuan hartzea ezinbestekoa dela. “Elkar zaintzea” da, hitz gutxitan, transmititu nahi duten ideia.
Aterkiez gain, lelo bera daramaten pegatinak ere banatuko dituzte, jendeak paparrean, osagarrietan edo bestelako leku ikusgarrietan jartzeko. Horren bidez, herrian erosteko gonbitea kalean zehar ere presente egongo dela espero dute antolatzaileek.