Batel estropadak eta jaia Sukarrieta Kanala Arraun Klubaren egunean
Argazkia: Sukarrieta Kanala Arraun Kirol Kluba Sukarrieta Kanala Arraun Klubak zapatuan (irailak 6) egingo du arraun klubaren eguna. Arratsaldeko orduetan abiatuko da egitaraua, 15:15ean hasita.
Lehenik eta behin, batelen estropada egingo dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, “gure artean egingo dugun estropadatxo bat izango da; antzina egiten zen bezala, ziaboga bakarreko estropada, hau da, joan-etorri bakarra, luze bi soilik“. Usparitzako pantalaneko parean baliza bat jarriko dute, eta bestea Txatxarramendi irlako zubia baino lehenago. Parte hartzaileek joan-etorri hori egin beharko dute.
Ondoren, bigarren estropada izango da. “Joan zen urtean hasi ginen formatu berri honekin, eta jendea oso pozik geratu zen. Horregatik, aurten ere errepikatzea erabaki dugu“, nabarmendu dute antolatzaileek. Usparitza parean hasiko da, antzinako erako estropadaren leku berean. Kasu honetan, parte hartzaileek Txatxarramendi irlari buelta osoa eman beharko diote, eta toki berean amaituko da estropada.
Bi estropadak bukatutakoan, sari banaketa egingo dute, eta proba azkarrenetan ibili diren batelek jasoko dituzte sariak. Horrez gain, klubari laguntzeko aukera egongo da: bi mahai jarriko dituzte, eta horietan bazkide berrientzako izen-ematea zein klubaren merchandising produktuak izango dira eskura.
Antolatzaileen esanetan, “galdu ezin daitekeen ekitaldia” izango da domekakoa.