Bermeo Uria Jai Alai, finalen bezperetan
Zapatuan [irailak 6] jokatuko dituzte Bermeo Uria Jai Alai eskolarteko txapelketaren finalak, Bermeoko Zesta eta Pala Eskolak antolaturik. Senior mailako emakumezkoen nahiz gizonezkoen partiduak ere egongo dira ostean, Jai Alive enpresaren eskutik.
Argazkia: Argazki Klik. Bermeoko Zesta eta Pala Eskola puri-purian eta oso osasuntsu dago. Horren erakusle argi eta garbia da beraiek antolatutako Bermeo Uria Jai Alai txapelketak edukitako oihartzuna. Euskal Herriko zesta-punta eskola gehienak bereganatu ditu eskolarteko eta lagunarteko lehiaketak, eta egundoko giroa nabarmendu da. Iragan asteburuan jokatu zuten lehiaren estreinako jardunaldia, sailkapen fasea, eta asteburu honetan finalen txanda izango da.
Bermeoko taldeaz gain, Gernika-Lumo, Cabanillas, Zumaia, Markina-Xemein, Andoain, Berriatua, Durango, Gasteiz, Hondarribia, Lekeitio, Mutriku, Tolosa eta Noaingo taldeek parte hartu zuten txapelketan. Lau kategoriatan banatuta jokatu zuten finalerako sailkapena: benjamin, kimu, haur eta kadeteak. Antolatzaileek berbetan, “etengabeko ikuskizuna” gailendu zen, eta Artza pilotalekua “egun oso-osoko zesta-puntaren jaiaren” testigu izan zen: “Batzuek jokatu bitartean, besteek bazkaldu egin zuten; lehiaketa uneoro martxan egon zen, jo eta su. Pena bakarra da kategoria bakoitzeko bikote bi besterik ezin sailkatu izatea finalera, maila orokorra handia izan baitzen”.
Zapatuko [irailak 6] finalei begira, “goi mailako ikuskizuna” aurreikusten dute: “Pilotari gazteek partiduak, oro har, bizi-biziak eta iragartzen gaitzak izaten dira; horrenbestez, lau kategorietan edozer gerta liteke”. Benjamin mailan, Bermeo eta Berriatuko klubetako Landak eta Ormazak Durangoko eta Bermeoko Urko eta Hernani edukiko dituzte aurrez aurre. Kimu mailan, Gasteizen eta Berriatuaren arteko lehia egongo da: Sanabria eta Erkiaga Arzubia eta Lazkanoren kontra. Haurren finalak Bermeoko eta Berriatuko Hormaetxea eta Arano Andoni eta Asier durangarren kontra elkartuko ditu. Azkenik, kadete mailan, Estebe eta Bustindui markina-xemeindarrek Mutrikuko Ganixen eta Zumaiako Silvetiren aurka neurtu beharko dituzte indarrak.

Argazkia: Argazki Klik.
Egun osoko egitaraua.
Final horiek 16:40an jokatuko dituzte, baina horiek orduko, 16:00retan, eskolako umeen partiduez gozatzeko aukera edukiko dute bertaratzen diren zaleek. Denak ala denak doakoak izango dira. Ez hori bakarrik: finalen hondarrean, Jai Alive enpresak antolatutako Andra Mari jaialdia hartuko du Artza frontoiak. Senior mailako gizonezkoen zein emakumezkoen partidu bana jokatuko dute, 19:30ean hasita.
Andra Mari jaialdirako sarrera 10 euroko izango da, eta Internet bidez eros daitezke
Emakumezkoen lehian, markina-xemeindarren arteko lehia egongo da: Erika Mugartegik eta Alize Arriagak Lur eta Arai Lejardi ahizpak edukiko dituzte arerio. Gizonezkoen partidua, etxeko izarrak, Alex Hormaetxea bermeotarrak, Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindar gaztea edukiko du bikotekide, Erik Mendizabal mutrikuarraren eta Ortzi Aldazabal Argoitia berriatuar gaztearen kontrakoan. Partidu horiek ikusteko, sarrera erosi beharko dute pilotazaleek. Dagoeneko Jai Alive enpresaren web orrialdean salgai daude, 10 euroren truke.