Jai egun jendetsuak izaten ari dira Gautegiz Arteagan
Jendetza bildu zuten tortilla txapelketak eta herri bazkariak zapatuan Gautegiz Arteagan, baina atzoko goitibehera txapelketak ere erakarri zituen herritarren begiradak. Bihar, San Antolin egunez agurtuko dituzte festak arteagarrek.
Ospakizun soinezko jantzita segitzen dute Gautegiz Arteagan. Sanantolin jaiek herrian giro ederra sortu dute, baita jendetza bildu ere, izan ere, hainbat eta hainbat lagunen topaleku bihurtu da herria egunotan. Barikuan (abuztuak 29) abiatu zituzten herriko jaiak, eta bihar (irailak 2) arte jaiak ez du etenik izango.
Gazte Egunean motorrak berotu ostean, Artie Dantza Taldearen emanaldiagaz abiatu zituzten barikuan sanantolin jaiak. Gero, txupina jaurtita, frontenis txapelketak hartu zuen herritarren arretan, eta, ostean Txapela Bravaren eta Laprast erromeriaren doinuek musikatu zuten iluntze-gaua.
Egun handia, baina, zapatukoa izan zen. Goizean goizetik bertaratu ziren herritarrak plazara, tortilla txapelketarako lekua hartzeko asmoz; egon zen aurreko gauetik ere lekua hartuta utzi zuenik ere. Hala, 09:00etan mahaiak ti-ta batean amaitu ziren, parkea jendez betez.
Herriko tortillarik onena norena zen erabakitzeko eguna izan zen zapatukoa, eta 49 tortillaren artean onena erabakitzen ibili ziren epaileak; zehatz esateko, 41 tortilla aurkeztu zituzten nagusien txapelketan, eta 8, berriz, gaztetxoenen lehiaketan. Ostean, herri bazkarian bildu ziren 500 lagun baino gehiago, jai giro bikaina sortuz parkean.
Eta giro horrek bere horretan jarraitu zuen Joseina Etxebarriagren musika saioan zein mozorro lehiaketan. Munduko hainbat kulturaren ezaugarriak gorpuztu zituzten txiki zein nagusienek parkean eskainitako euren ikuskizunetan, eta Xaiborrek ere txikienen arreta bereganatu zuen, herritarrak dantzan jarriz.
Domekan, puzgarrietan jolastu ostean, arratsaldean, Goitibehera lasterketa lehiatu zuten 41 parte hartzailek, eta errepideko aldeak jendez bete zituzten bertaratu zirenek. Hala, denetan azkarrenak Koldo Betanzos eta Urko Lekerikabeaskoa izan ziren, minutu bat, 25 segundo eta 42 ehuneneko denboragaz. Horien ostean, estu ibili ziren markak:Ā Igoitz Bilbao eta Javier Allica sailkatu ziren bigarren postuan, eta Iker Fidalgo eta Onartz Gutierrez izan ziren hirugarrenak, bi goitibeheren artean ehunen gutxiko tartea izanez; minutu bat, 26 segundo eta 37 ehuneneko denbora eta minutu bat, 26 segundo eta 61 ehuneneko marka egin zuten, hurrenez hurren.
Korrontzi taldeagaz agurtu zuten eguna arteagarrek, eta biharko egun handirako prestatzen dabiltza orain. Izan ere, San Antolin Egun handia dute biharkoa. Iazko legez, San Antolin egunarekin agurtuko dituzte jaiak, tradizioz betetako egunari jarraiki. San Antolin eliza inguruan hasiko dute eguna, eta ostean handik jaitsiko dira herritarrak kalejiran. Une berezia izaten da, belaunaldi ezberdinetako herritarrek bat egiten duten unea. Eta, behin plazara ailegatzerakoan, apar jaian bustitzeko aukera izango dute gaztetxoenek.
Gainera,Ā ohitura den pilota jaialdi on batez gozatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Hala, esku pilotako profesionalak bilduko dira frontoian: Alberdi II-Morgaetxebarria vs De la Fuente-Eskurza. Baina aurretik haur mailako partiduak egongo dira.
EGITARAUA
Bihar, San Antolin eguna.
11:00. Txistulariekin igoera.
12:00. Meza nagusia.
14:00. Jaitsiera.
Ostean. Apar jaia eta trikitilariak: Etxebarria aita-semeak.
18:00. Pilota jaialdia. Profesionaletan: Alberdi II-Morgaetxebarria vs De la Fuente-Eskurza
Ostean. Txokolate jana.