Horma bakarra, baina hainbat domina
Euskal Selekzioak erakustaldia eman du Herbehereetako Munduko Wallball Txapelketan: urrezko lau domina eta zilarrezko hiru poltsikoratu dituzte. Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarra espedizioaren parte izan da, baita protagonista esanguratsu ere.
Olatz Arrizabalaga, Munduko Wallball Txapelketan.Lieuwe Bosch Historikoa izan da Euskal Selekzioak Munduko Wallball Txapelketan lortutakoa. Herbehereetan jokatu dute mundu mailako lehiaketa, eta, euskaldunez gain, etxeko selekzioa, Valentzia, Argentina, Belgika, Erresuma Batua eta Puerto Rico aritu dira zein baino zein gehiago. Nazioarteko arrain handien aurka, emaitza adierazgarriak arrantzatu ditu Euskal Selekzioak: urrezko la domina eta zilarrezko beste hiru lortu dituzte. Selekzioaren giltzarri nagusietako bat modalitateko bere bigarren Munduko Txapelketa jokatu duen Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarra izan da.
Valentzian izan zuen goi mailako wallballagaz estreinako hartu-emana, baina orduko hura modalitate bat zen, beste hainbesteren artean. Holandako lehia, baina, diziplina horretan guztiz oinarrituta egon da, eta, horrenbestez, prestakuntza espezifikoa egin du uda sasoian Arrizabalagak. Banakako lehia, emakumezkoen binakakoa eta bikotekako mistoa jokatu ditu, baina azken maila horren finalean ez du parte hartu. Lehiaketaren balorazioa, edozelan ere, “espero zitekeen onena” dela azaldu du gernika-lumotarrak: “Selekzioa maila denetan garaipena bilatzera kantxaratu zen, hautagaietako bat zen jakitun; azkenean, emaitzak lagun izan ditugu, baita guztion jarrera ere”.
Aspaldiko ezagun eta selekziokide bat, Miren Larrarte bidani-goiaztarra, izan zuen bakarkako finalean arerio: “Wallballean dagoen egungo espezialistarik handienetakoa da; asko ikasi dut bere alboan”. Lehen seta estutik joan zen, eta Arrizabalagak 21 eta 16 irabazi zuen; bigarrenean, ostera, Larrartek “egundoko egurra” eman zion, seta 3 eta 21koarekin patrikaratuta. Hirugarren setean, partiduak “alde batera edo bestera” egin zezakeen, baina azkenean gernika-lumotarraren alderdira egin zuen, 11 eta 6 gailenduta. Bakarkakoa izan da, hain zuzen, Arrizabalagaren jomuga nagusia: “Kategoria hori nire pilotari profilera ondo egokitu daitekeelakoan nago, eta aurrerantzean urratsak egiten jarraitzeko gogoa dut”.

Euskal Selekzioko jokalariak, Herbehereetan.Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza
Binakako lehiari dagokionez, aurkaria bikotekide bihurtu zitzaion, Larrarterekin batera jokatu baitzuen. Herbehereetako Marrit eta Hiske Zeinstra ahizpen kontra jokatu zuten, baina bikotekako garaipenak ihes egin zien. Etxeko selekziokideek 21 eta 14 irabazi zuten lehendabiziko seta, eta norgehiagoka 21 eta 12koarekin osatu zuten, bigarrenean. “Penaz” hartu zuen porrota, partidu osoan “aurpegia erakusteko gai” izan arren: “Larrarterengandik asko ikasi dut, elkar ondo ulertzen dugu, eta polita izango zen partidua garaipenagaz biribiltzea”.
Olatz Arrizabalaga: “Binakako mistoaren finala ez jokatzea pena izan zen, baina harmailetatik pila bat gozatu nuen”
Binakako txapelketa mistoa ere jokatu du Arrizabalagak, baina selekzioko arduradun teknikoek finaletik kanpo utzi zuten; Lur Ziarrusta dimoztarrak jokatu zuen, egundoko txapelketa egin zuen Larrarterekin. “Hura ere pena izan zen, baina harmailetatik pila bat gozatu nuen. Ziarrustak eta Larrartek erakustaldia eman zuten, eta ikusteko moduko lehia izan zen”. Bizkaitarra eta gipuzkoarra nagusi izan ziren Jurrit Osingaren eta Marrit Zeinstraren aurka: 21 eta 19, lehen setean; 21 eta 12, bigarrenean”.
Horrez gain, Euskal Selekzioak protagonismo kota handia bereganatu zuen gainontzeko kategorietan ere: Mikel Beldarrain arteagaztarrak gizonezkoen banakakoa irabazi zion Egoitz Amantegi selekziokide abadiñarrari; 21 eta 10ekoagaz nagusitu zen lehenik, eta partidua 21 eta 19ko estuagaz biribildu zuen. Gizonezkoen binakako txapelketan, Ziarrustak eta Beldarrainek aurreko markagailuei buelta eman zieten: 21 eta 19 eta 21 eta 10 garaitu zituzten Luke Thomson eta Christian Blackaby britainiarrak.
“Aurtengo udaren alderik gogorrena esku pilotako egutegia wallballeko entrenamendu saioekin uztartzea izan da”
Hobetzeko grinez.
Bai aurrelaria izatearren, bai bere jokatzeko moldeagatik, wallballa “bikain” egokitzen zaio Arrizabalagari, eta aurrerantzean ate bat zabalik edukiko du, diziplina horri bere lehiaketa egutegian sartzen uzteko: “Datorren apirilean, hainbat diziplinatako Munduko Txapelketa lehiatu da Argentinan, eta bertan egoteko asmoa dut; gainera, konpetizio horretarako prestaketa espezifikoa egitea dut buruan”. Hortaz, pilota denboraldiko hitzordu batzuei muzin egin beharko die. Hain zuzen, azken bi hilabeteek gutxi eduki dute esku pilota erregularretik: “Azken hilabetean, bereziki, ia ez dut esku pilotako entrenamendurik egin; dena wallballera bideratuta egon da”.
Dena dela, jokatu dituen hitzorduetan “oso ondo” ikusi du bere burua: “Gogorrena esku pilotako egutegia wallballeko entrenamendu saioekin uztartzea izan da”. Hurrengo asteetan, “partiduren bat edo beste” ortzimugan edukita ere, atseden hartzera eta indarrak berritzera bideratuko ditu entrenamenduak: “Urtea oso kargatuta eduki ohi dugu, eta, ondorioz, gorputzari zein buruari eten txiki bat ematea beharrezkoa da”. Esku pilotara bueltan, Emakume Master Cupeko partiduak izango dira urri aldeko helburuak aurrelariarentzat. Hortik aurrera, “datorren irabazten saiatu eta kantxa bakoitzean maila ona erakutsi”. Besterik ez.