Hizkera eta identitatea zabalduko ditu berriro Eingule? lehiaketak
Aurten ere, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak girotuko ditu Eingule? lehiaketak zapatuan (irailak 6), 21:00etatik aurrera, txosnagunean. Herritarrak berbetan jarri dituzte berriro, eta, gaurtik aurrera, bost bideo zabalduko ditu udalak sare sozialetan.
Bermeoko berbak erdigunean jartzen eta horiekin jolastera gonbidatzen dituen Eingule? lehiaketa martxan da berriro. Eta, aurten ere, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak girotuko ditu, izan ere, Txosna batzordearekin elkarlanean, txosnagunea zabaltzen den egunean egingo dute lehiaketa: zapatuan (irailak 6), 21:00etatik aurrera, txosnagunean.
Gazteen parte hartzea bultzatu gura du udalak, eta herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu. Banaka, bikoteka edota taldean parte hartu ahalko da, eta Asmazank formatua erabiliko da lehiaketarako; hala, telefono bidez jolastu beharko da. Parte hartzaileek 24 galdera erraz erantzun beharko dituzte, eta, erantzuteko denbora eta ondo erantzutea kontutan hartuta puntuazio altuena lortzen duten lehenengo hiru parte hartzaileek irabaziko dituzte sariak. Horiek herriko denda batean gastatzeko 60 euroko, 100 euroko eta 150 euroko txartelak izango dira.
Lehiaketak Bermeoko hizkera, identitatea eta kultura zabaltzea du helburu, eta herritarrei nortasuna ematen dien hizkerak egunerokotasunean duen baliagarritasuna agerian utzi gura du. Ondorioz, aurten ere, herritarrak berbetan jarri dituzte, “herrian erabiltzen diren berba errazak berreskuratzeko asmoz”.
Hartara, gaur hasita bost bideo zabalduko ditu udalak sare sozialetan, bide horitan erabiltzen diren berba errazak “ahalik eta gehien” zabaltzeko. “Gure hizkera eta nortasuna balioan jarri gura ditugu. Hizkerak berak gure nortasuna definitzen du, eta gurea berreskuratu eta indartu gura dugu”, adierazi du Iker Bilbao San Nikolas Bermeoko euskara zinegotziak, eta herritarrak gonbidatu ditu parte hartzera. Izan ere, aurten gazteen parte hartzea bultzatu gura dute. Hala ere, edozeinek parte har dezake: “Ahalik eta jende gehienak parte hartzea espero dugu. Animatu datorren zapatuan txosnagunera bertaratzen, euskararekin ondo pasatzeko aukera izango duzu herriko jaien atarian”.