Gazte Eguna azarotik abuztura aurreratzea "ideia ona" izan da
Zarrabentako Gazte Eguna bigarrenez ospatu dute zapatuan (abuztuak 30), Mendatako gazteak batzeko. Iaz azaroan egin bazen ere, "udari amaiera polita emateko", abuztura aurreratu dute aurten.
Argazkia: Zarrabentako Gazte Eguna. Mendatako gazteak batzeko hitzordu bat sortzeko asmoz antolatu zuten iaz, lehenengoz, Zarrabentako Gazte Eguna. Horrekiko balorazio positiboa egin ostean, aurten eguna berriro antolatzea erabaki dute gazteek, baina berritasunen bat zein besterekin. Ze, aurten, data azarotik abuztuaren azken zapatura egunez aldatu dute. Zapatuan (abuztuak 30), beraz, hainbat jende bildu zen, egun guztiko eta adin guztientzako egitarauaren baitan. Izan ere, aurten, eguna luzatu dute, eta horrela, arratsaldeko ekintzetatik egun guztiko ekintzetara pasatu dira. “Apurbat denetarik dago. Gustu guztiak asetzeko modukoa egitea ezinezkoa da, baina ahalegintzen gara denentzako egitaraua egiten”, adierazi dute.
Gazte Eguna iragartzean antolatzaileek aditzera eman zutenez, “udari amaiera polita emateko” erabaki zuten data aurreratzea. “Gainera orain egunak azaroan baino luzeagoak dira eta gehiago aprobetxatu daitezke”, gehitu zuten arduradunek. Pentsatu eta ekin. Balorazio “oso ona” egin dute Zarrabentako Gazte Egunarekiko, alegia. Jende “pila bat” bildu zela nabarmendu dute, eta eguna azarotik abuztura aurreratzearen ideiak funtzionatu duela esan dute: “Egunean zehar herritarrok bete genuen herria, baina iluntzean kanpoko gazte ugari hurbildu ziren. Ideia ona izan da data aldatzearena”.
“Espero bezala” joan zen eguna, adierazi dutenez. “Gauean bertaratu zen jende gehien, eta egunean zehar ez horrenbeste. Baina, horretarako prestatu genituen iluntzeko kontzertuak, beraz, ederto joan zen dena”, aurreratu dute. Hori ikusita, argi dute: ahal izanez gero, Zarrabentako Gazte Eguna abuztuko azken zapatuan ospatutzen jarraituko dute.