Mendata Ezagutuz proban izena emateko epea zabalik dago
Irailaren 7an hartuko ditu Mendatak Mendatako XXIV. Ibilaldi Neurtua eta XIX. Mendi maratoia, baina irailaren 4ra arte izena eman daiteke Mendata Ezagutuz webgunean.
Argazkia: Mendata Ezagutuz. Irailaren 7an mendiak eta kirolak bat egingo dute Mendatan, Mendata Ezagutuz proban: Mendatako XXIV. Ibilaldi Neurtua eta XIX. Mendi maratoia egingo dituzte. Antolatzaileek 500 parte hartzailetan jarri dute muga, eta izen ematea zabalik dago, irailaren 4ra arte; izena ematea sarean egin behar da Mendata Ezagutuz webgunean, baina, salbuespen gisa, gehienezko parte hartzaile kopurua igaro ezean, egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da, irteera baino 30 minutu lehenago, Mendatan bertan. Dagoeneko 325 pertsonak eman dute izena proban; beraz, joan den urtean baino partaide gehiago daude izena emanda jada. Antolakuntzak partaideei eskatu die ahalik eta datu gehien emateko, hornidura puntuak eta bazkaria behar bezala antolatu ahal izateko.
Mendi ibilaldia egiteako asmoa dutenek, hiru aukera izango dituzte: 11 kilometroko ibilbidea, 21 kilometrokoa edo 37 kilometrokoa. Bestalde, 42,195 kilometroko mendi maratoia ere prestatu dute mendi korrikalarientzat.
21 eta 37 kilometroko bidea egitekoak direnak 08:00etan aterako dira Elexaldetik, mendi korrikalariak 09:00etan eta ibilbide laburrekoak, berriz, 09:30ean. Antolatzaileek zehaztu dutenez, ibilbidean zehar anoa postuak egongo dira; hain zuzen ere, hiruna anoa postu izango dituzte ibilbide labur eta ertainekoek, eta sei, aldiz, ibilbide luzekoek. Maratoia lehiatuko dutenek zazpi anoa postu eta lau kontrolgune izango dituzte. Amaieran, gainera, parte hartzaileei dutxatzeko aukera eskainiko diete.

Historia.
Dagoeneko 24 urte pasatu dira mendatar talde batek lehenengo ibilaldia antolatu zuenetik. Herriak “gogo biziz” hartu zuen proposamena, eta, “ilusioz beterik”, oraindik bizirik dirau lehen ibilaldi haren filosofiak, kulturak eta kirolarekiko loturak. Izan ere, ibilbidagaz Mendatako herriko kirolari ikuspegi berria eman diote, urtez urte sendotuzte eta suspertuz, eta, herriko ingurumen naturala, kultur ondarea eta mendatarren bizitzeko era ezagutarazi dute. Gainera, medizale ugariren parte hartzea ere lortu dute.
“Urte hauetan zehar, Mendata Ezagutuz desberdinak igaro ostean, gure poztasuna azaldu nahiko genuek, urtez urte xedatutako helburuak betetzen joan baitira. Halan da ze, gure herriko mugetatik igarotzen den ibilaldiari, 2005ean mendi maratoia gehitzea erabaki genuen, modalitate horretan parte hartu gura zuten guztientzat”, azaldu dute Mendata Ezagutz probrako antolatzaileek. Hori guztia, baina, mendatar guztien parte hartze “bizi, aktibo eta eskuzabalik barik” ez litzatekeela posible izango adierazi dute, ezta Mendatako Udala eta Oilargane Kirol Zaleak elkartearen laguntzarik barik ere.
Halaber, orain arteko ibilaldietan parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkiete, eta berirro ere gonbidapena luzatu diete, aurtengoan parte hartzeko: “Ea egun zoragarria igarotzen dugun elkarregaz, paisaia zoragarriaz, ondareagaz, eta batez ere, gure adiskidetasunaz gozatuz”.