
Arestiren ekarpena aztertuko dute etzi eta barikuan Bermeoko Arrantzaleen Museoan, hainbat arlo jorratuz; tartean, haren poesia soziala eta antzerkia aztertuko dituzte, baita artean Arestik eduki duen agerpena ere. Bertaratzeko izena eman behar da.

Barikutik (abuztuak 29) domekara (abuztuak 31) zesta-puntaz gozatzeko aukera egongo da Bermeon, Bermeoko Zesta Eskolak Bermeo Uria Jai Alai txapelketa antolatu baitu. Saikapen partiduak zapatuan (abuztuak 30) lehiatuko dituzte, eta lagunarteko partiduak izango dira barikukoak eta domekakoak. Finala irailaren 6an izango da.

Jaialdiaren seigarren aldia ospatuko dute Morgako Talleri Berria upategian, eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko. Txakolina, musika, komedia, yoga, gastronomia eta natura uztartuko dituen egitaraua prestatu dute, tartean Mikosis eta Belako musika taldeen kontzertuak eta Jon Plazaola umoristaren saioa.

Irailaren 7an hartuko ditu Mendatak Mendatako XXIV. Ibilaldi Neurtua eta XIX. Mendi maratoia, baina irailaren 4ra arte izena eman daiteke Mendata Ezagutuz webgunean.