Irailaren 5etik 7ra egingo dute Mahasti Artean jaialdia
Jaialdiaren seigarren aldia ospatuko dute Morgako Talleri Berria upategian, eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko. Txakolina, musika, komedia, yoga, gastronomia eta natura uztartuko dituen egitaraua prestatu dute, tartean Mikosis eta Belako musika taldeen kontzertuak eta Jon Plazaola umoristaren saioa.
Mahasti Artean jaialdiaren seigarren aldia ospatuko dute Morgako Talleri Berria upategian, irailaren 5etik 7ra bitartean. Eta, arten ere, zuzeneko musika, mahasti arteko ibilaldiak, aire zabaleko yoga eta txakolina uztartuko duen egitaraua aurkeztu dute jaialdia antolatzen duten Bizkaiko Txakolina jatorrizko deiturak eta Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak. Hala, txakolina, gastronomia, kultura eta natura lotuko dituzten esperientzia gastronomiko eta kulturalez gozatu gura dutenek horretarako aukera izango dute sarrerak www.bizkaikotxakolina.eus webgunean eskuratuta.
Mahasti Artean mahats bilketaren hasierarekin eta udaren amaieragaz bat etorriz urtero Bizkaian egiten den kultur jardueren zikloa da; Bakio, Txorierri, Enkarterri, Gorbeialdea eta Urdaibain egin dituzte dagoeneko, eta biosferaren erreserbara bueltatuko dira berriro. Emanaldiak upategietan edo mahastietan egiten dituzte eta paisaiaz gozatzeko aukera ematen die bertaratzen direnei. Hala, aurten, Morgako Talleri Berria izango da epizentroa. “Duela mende erdi baino gehiago leku hori hartu zuen teila fabrika zaharra omentzen duen espazioak kontzertuak, komedia, yoga eta esperientzia gastronomikoak hartuko ditu agertoki ezinhobean, paisaia bikainenez inguratuta”, azaldu dute antolatzaileek.
Izan ere, Jon Plazaola aktore eta umorista arduratuko da jaialdiari hasiera emateaz, Tu-Tum, Platz! bakarrizketa saioa eskainita. Eta, zapatu goizean, yoga saio bat izango da mahastiari begira, gero, Urdaibaiko produktuen dastaketaz gozatzeko aukera eskainiz. Gauean, berriz, Mikosis eta Belako taldeek aire zabalean joko dute, txakolin eta Idiazabal gazta dastatzearekin batera. Domekaz agurtuko dute jaialdia, eta horretarako esperientzia gastronomikoa prestatuko dute mahastian: DJ Txuck Turnerren eskutik binilo saioa eta Urdaibaiko Esentziak produktuez osaturiko menu gastronomikoa jarriko dute aukeran.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaialdiko egun bakoitzerako, Bilbotik eta Gernikatik irteerak izango dituen joan-etorriko autobus zerbitzua jarriko dute bertaratzen direnen eskura, eta hori erosketa egiten den unean erreserbatu ahalko da.
Egitaraua
Irailak 5, barikua.
19:00-21:30. Tu-Tum, Platz! komedia eta txakolin saioa Jon Plazaola aktore eta umoristarekin. Bakarrizketa berri batekin itzuliko da eszenatokietara Plazaola, eta bertaratzen direnek Bizkaiko lau txakolinen eta Idiazabal gaztaren dastaketaz gozatuko dute.
Irailak 6, zapatua.
11:30-14:00. Mahasti Yoga. Yoga jardunbidea Nerea Izurietarekin, paisaia eta mahasti bikainari begira. Saioaren ondoren, Bizkaiko lau txakolinen dastaketa eskainiko da, eskualdeko produktuekin egindako Urdaibaiko Esentziak lau pintxorekin uztartuta.
19:00-22:00. Mahasti Musika. Musika, txakolina eta mahasti magikoa ilunabarrean. Mikosis eta Belako taldeen kontzertuak eta Bizkaiko lau txakolinen eta Idiazabal gaztaren dastaketa.
Irailak 7, domeka.
12:30-14:30. Mahasti Gourmet. Mahastia eta upategia bisitatu ondoren, lau txakolin dastatuko dira Urdaibaiko Esentziak lau pintxorekin, Urdaibaiko produktuez eta gastronomiaz gozatzeko. Guztia DJ Txuck Turnerren musika saioarekin harmonizatuta.