Bermeo Uria Jai Alai txapelketak Artza frontoia beteko du
Barikutik (abuztuak 29) domekara (abuztuak 31) zesta-puntaz gozatzeko aukera egongo da Bermeon, Bermeoko Zesta Eskolak Bermeo Uria Jai Alai txapelketa antolatu baitu. Saikapen partiduak zapatuan (abuztuak 30) lehiatuko dituzte, eta lagunarteko partiduak izango dira barikukoak eta domekakoak. Finala irailaren 6an izango da.
Bermeon ere zesta-puntaz gozatzeko aukera eskainiko du Bermeoko Zesta Eskolak: Bermeo Uria Jai Alai txapelketa antolatu du lehenengoz. Hala, abuztuaren 29an (barikua), 30ean (zapatua) eta 31n (domeka) zesta-puntaz gozatzeko aukera egongo da, baita irailaren 6an (zapatua) ere. Izan ere, txapelketako sailkapen partiduak zapatuan lehiatuko dituzte, eta finala irailaren 6an izango da. Hala ere, puntista guztiei jokatzeko aukera eskaini nahian, lagunarteko partiduak prestatu dituzte barikurako eta domekarako.
13 zesta-eskolatako 50 puntistak parte hartuko dute zapatuko txapelketako sailkapen fasean, lau kategoriatan banatuta: benjaminak, kimuak, haurrak eta kadeteak. “Benjaminak eta kimuak oraindik ikasten ari dira, baina haurretan eta kadeteetan maila oso ona dago”, esan dute Bermeoko zesta eskolako arduradunek.
Sailkapen fasean, bikote bakoitzak gutxienez bi partida jokatuko ditu gutxienez, 20 tantora artekoak. Goizean hiruna partidu lehiatuko dituzte benjaminetan, kimuetan eta kadeetan, eta sei haurretan. Eta, arratsaldean, berdin.
Hori bai, goizeko bikoteak kluben artekoak izango dira, klub bakoitzeko puntistek bikotea osatuko dute, baina, arratsaldeko neurketetan, bikoteak klub desberdinetako puntistez osatuta egongo dira. “Hau da, euren artean nahastuko ditugu klub desberdinetako pilotariak, elkar ezagutzeko eta talde ezberdinetako puntistekin jokatzen ikasteko”, azaldu dute antolatzaileek. Ondorioz, puntista bakoitzaren puntuazioaren arabera sailkatuko dira onenak finalera.
13 zesta eskolako puntisten topalekua izango da, beraz, asteburuan Bermeoko Artza frontoia. Eta hori “garrantzitsua” dela diote arduradunek, zesta eskola berria direlako eta beste kluben erantzun bikaina jaso dutelako: “Lehenengo urtea da horrelako txapelketa bat antolatzen duguna eta harrera polita egin digute beste zesta eskolek. Txapelketa baino gehiago topaketa bat da, ondo pasatzeko, elkar ezagutzeko eta jokatzeko lekua. Hori bai, finala ere egongo denez, lehiaketa kutsua ere badu txapelketak”.
Bazkarirako, 100 pertsona baino gehiago gerturatzea espero dute, eta ondorioz, bi txandatan bazkalduko dute.
Zapatuko sailkapen faseaz ez ezik, txapelketak maila guztietako puntistei parte hartzeko aukera eskaini gura die, eta horregatik antolatu dituzte barikuko eta domekako partiduak. “Lehiaketatik kanpo dauden puntistei ere parte hartzeko aukera eskaini gura diegu; batzuk Bermeokoak dira, beste batzuk ingurukoak, eta horiei ere partidak lehiatzeko aurkari eta lekua jartzea da gure asmoa. Izan ere, jaialdi honetan lekua egongo da pilotari maila guztientzat”, gehitu dute.
Orain arte Bermeoko zesta eskolakoak beste zesta eskolek egindako jaialdietan parte hartzen ibili dira, eta orain etxean ariko dira lehiatzen. Denboraldiko azken txapelketa izango da Bermeokoa, hurrengo denboraldia hasi aurretik amaituko dena, beraz, herritarrei zesta-puntaz gozatzera gerturatzeko deia egin diete antolatzaileek: “Maila polita dago herrian. 8 urtegaz bikain jokatzen duten neska-mutilak ditugu taldean, eta oso polita da umeak zesta-puntan ikustea. Giro polita egotea espero dugu”.