Arestiri buruzko hitzaldi zikloan murgilduko dira Bermeon
Arestiren ekarpena aztertuko dute etzi eta barikuan Bermeoko Arrantzaleen Museoan, hainbat arlo jorratuz; tartean, haren poesia soziala eta antzerkia aztertuko dituzte, baita artean Arestik eduki duen agerpena ere. Bertaratzeko izena eman behar da.
Duela 50 urte hil zen Gabriel Aresti, eta haren ondarea oroitzeko Laida Taldeak haren lana ardatz duen udako ikastaroa antolatu du etzirako (abuztuak 28) eta barikurako (abuztuak 29) Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Izan ere, euskal literatura eta bere nortasunaren pertzepzioa irauli zituen aitzindaria izan zen Aresti.
Arrantzaleen Museoan eskainiko dituzte hitzaldiak 10:00etatik 11:30era eta 12:00etatik 13:30era, lau adituk: Jon Kortazarrek, Paloma Rodriguezek, Karlos del Olmok eta Susana Jodrak. Hitzaldiak doakoak izango dira, baina izena eman beharko da laidataldea@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
Hitzaldi zikloan, Arestiren ekarpena aztertuko dute, hainbat arlo eta gai jorratuz; tartean, haren poesia soziala eta antzerkia aztertuko dituzte, baita artean Arestik eduki duen agerpena ere. “Bere lanaren azterketa bat egingo dugu hitzaldi ziklo honen bitartez”, adierazi du Jon Kortazar irakasle eta hizlariak. Berak Gabriel Arestiren Harri eta herri: bizipen abezedarioa hitzaldia eskainiko du, zeinetan idazlearen poesia biografikoan sakonduko duen. “Arestik ez zituen bere poemak zenbakiz markatzen, abezedarioa erabiltzen zuen horretarako. Eta, iruditzen zait abezedario horretan bere bizitza ageri dela. Arestik beti idazten du bere bizipenetik hurbil. Poesia oso biografikoa egiten du. Ez dugu haren biografia egingo, baina ikusiko dugu zelan zenbait ekintzek eratzen duten bere poesia”, azaldu du adituak.
Eta adibide “nahiko ezezaguna” aipatu du bere adierazpena berresteko. Izan ere, dioenez, Euskal harria lanean badu La voz cuarto deitzen den soneto bat, zeinetan emakume batzuk islatzen dituen, eta hurrengo esaldia idazten duen: Pensando por sus muertos. “Otu zitzaidan lan istripu bat zegoela soneto horren azpian, eta hala izan zen; ze, Monfragüen, Torrejonen, ikaragarrizko lan istripua izan zen, eta 50 langile hil ziren. Frankismoak hori isildu egin zuen, baina Arestik poema idatzi zuen bizipen horretan oinarrituta. Baina askotan sonetoa ez da ulertzen ez badugu ezagutzen horren atzean dagoen ekintza”, azaldu du Kortazarrek.
Hala, Arestiren poesia biografikoan sakonduko du berak, eta idazlearen poesia sozialaren ezugarriak aipatuko ditu Rodriguez-Miñambresek, betiere “egiaren eta pertsonaren alde eginda”. Arestiren antzerkia izango du hizpide Del Olmok, eta Jodrak Arestik artean zelako agerpena izan duen jorratuko du. “Artean zelan tratatu duten Arestiren irudia ikusiko dugu; ze kuriosoak dira, ez baitago Arestiren bustorik, gehiago dira eskulturak. Ez dago bere irudia, baina bere hitza asko agertzen da”, gehitu du adituak.
Lana ikusarazten.
Ikerlariek Arestiri buruz eurek egindako lana ikusarazteko hitzaldiak izango dira aste honetakoak, saiatzen baitira euren lana ikusarazten. Hala ere, Laida ikerketa taldearen webgunean zenbait argitalpen lor daitezkeela gehitu dute: “Gure webgunean badaude liburuak debalde jaitsi daitezkeenak, eta horrela ere ahaelgintzen gara jakintza zabaltzen”.
Urte luzez egindako ikerketen hausnarketak dira kontatuko dituztenak, hainbat eta hainbat argitalpen egin baitituzte Arestiri buruz batak zein besteak: “Lan handiak egin dira Arestiren pentsakizunari buruz, baina guk literaturan eta artean jartzen dugu gure arreta”.
Hala, saio hauen helburua da literatura irakasten duen jendearekin lan egitea: “Hori da gure publikoa, euskal literatura ezagutzen duena eta horretan sakondu gura duena, baita Arestiren lanean interes handia daukana ere”. Dagoeneko 32 pertsonak izena eman dute hitzaldi zikloan parte hartzeko, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
EGITARAUA.
Abuztuak 28, eguena.
– Jon Kortazar: Gabriel Arestiren Harri eta Herri: Bizipen Abezedarioa.
– Paloma Rodriguez-Miñambres: Gabriela Arestiren poesia soziala.
Abuztuak 29, barikua.
– Karlos del Olmo: Gabriel Arestiren antzeria.
– Susana Jodra: Gabriel Aresti eta Artea.