Bertoko produktuek eta denetariko erakustaldiek beteko dute Eako Bertoko Azoka
Bihar (abuztuak 23), 10:00etatik 14:00etara bitartean, Bertoko Azoka egingo dute eskualdeko ekoizle eta laborariek Eako Donibane plazan. Eta, oraingoan, denetariko erakustaldiak izango dituzte aukeran bertaratzen direnek.
Bihar (abuztuak 23) Bertoko Azoka egingo dute eskualdeko ekoizle eta laborariek Eako Donibane plazan. Hala, 10:00etatik 14:00etara bitartean, tokiko produktuak dastatu eta erosteko aukera edukiko dute bertaratzen direnek, musikaz lagunduta. Gainera, denetariko erakustaldiak ere egingo dituzte.
Bedarokelaren, ortuarien, eztiaren eta ogiaren, arrain kontserben, Iparraldeko gaztaren, bertako gutizien edota Nafar pastaren salmahaiak jarriko dituzte plazan. Izan ere, bertoko nekazaritza sustatu gura dute antoaltzaileek, ekoizleei euren produktuak ezagutzera emateko aukera ahalbidetzeaz eta ekoizle eta kontsumitzaileen arteko zubi lana egiteaz aparte. Eta, hartu-eman hori urte osoan bermatu nahi dutenez, azoka herritarren topagune bihurtu nahi dute, harremana geroz eta sendoagoa, sarriagoa eta bertokoagoa izateko. Horrez gain, artisauak ere bertaratuko direla jakinarazi dute.
Musikak girotuko du azoka oraingoan, izan ere, 10:30ean, txapalartarien harrera izango dute ekoizleek, eta goiz zein eguerdian txistulari, trikitilari zein Ieko Kantuzaleak ariko dira azoka girotzen. Eta gose diren horientzako, txosnan falda pintxoak eta edaria egongo dira aukeran.
Gainera, oraingoan, denetariko ikuskizunak egongo dira bertan. Hala, 12:00etan, uso erakusketak beteko du ingurua, eta ordu erdi beranduago, ardi ile moztea egingo dute. Urtza herri kirol taldekoen eta EAMEren erakustaldiaz gozatzeko aukera egongo da 13:00etan, eta 14:00etan Zazpi jauziak dantza eginda agurtuko dute bertaratzen direnek azoka.