Morgako udaletxe berria inauguratuko dute
Udaletxea birgaitzeko lanak amaituta, herritarrek egindako lanak ikusteko inaugurazio ekitaldia egingo dute abuztuaren 15ean [barikua].
Argazkia: Morgako Udala Udalerriko armarria eta bandera bere lekuan jartzearen faltan, Morgako Udalak amaitutzat eman ditu udaletxea birgaitzeko lanak. Orain, berrikuntzak herritarrei erakusteko inaugurazio ekitaldia deitu dute, abuztuaren 15ean [barikua], 13:30ean.Azaldu dutenez, udaletxeko ateak zabalduko dituzte herritarrekin batera “instalazioak ikusi eta gosegarri batez gozatzeko”.
Birgaitze lanetan, udaletxeko kanpoaldea erabat eraberritzeaz gain, udal bulegoak ere lekualdatu dituzte. Hala, beheko solairua herritarren “arretara” bideratuko dute eta lehenengo pisuko gelak, berriz, “erabilera anitzetarako” erabiliko dituzte.
Proiektua aurrera eramateko 552.626,15 euroko aurrekontua izan du udalak. Bizkaiko Foru Aldunditik —Herriak Egiten ezohiko funtsa— 100.000 euroko diru-laguntza jaso dute; Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministeriotik 268.390,47 euroko laguntza jaso dute, eta, Euskao Jaularitzako Ekonomia, Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailetik —Leader programa—, berriz, 75.035,50 euro.