Eraikinaren birgaitze energetikoa egin, eta goiko solairuko udal bulegoak beheko solairura lekualdatuko dituzte. Horrela, goiko espazioa "erabilera anitzetara" bideratuko dutela azaldu du Mari Tere Artetxe Morgako alkateak.

Udaletxeko eraikina birgaitzeko lanetarako 522.626,15 euroko aurrekontua dauka Morgako Udalak. Gaur egun lehenengo solairuan dauden udal bulegoak beheko solairura lekualdatuko dituzte, eta horretaz gain, kanpoaldea ere eraberrituko dute.
Mari Tere Artetxe Barrena Morgako alkateak esan bezala, lanok iriste erraztasuna zein segurtasuna bermatzeko helburua daukate. “Segurtasuna bermatzea garrantzitsua da, eta, gainera, kontuan hartu behar da norbaitek udaletxera etorri gura badu, hogei eskailera igo behar dituela. Aurretik, Osakidetzako kontsultategia irisgarriagoa izateko liburutegia atondu genuen, eta pentsatu genuen onena izango zela udaletxea beheko solairura pasatzea, denontzako gertuago egoteko”.
Eraikinaren birgaitze energetikoa egingo dute, “inguratzaile bertikalean aireztatutako fatxada baten bidez, prestazio handiko leihoak ipiniko dituzte”, instalazio termikoak ordezkatuko dituzte, eta irisgarritasuna hobetzeko igogailua ere ipiniko dute.
Beheko solairuko lanak amaitu, eta goiko solairuko zerbitzuak bertara lekualdatzen dituztenean, goiko espazioa erabilera anitzetarako izango da. Hain zuzen ere, alkateak azaldu du goiko solairu horretan, besteren artean, despatxuren bat, biltegia eta udal-artxiboa kokatzea aurreikusi dutela.
Diru-laguntzak. Udaletxeko obra egin ahal izateko, udalak zenbait diru-laguntza jaso ditu. Europako Batasunak finantziatuta, Espainiako Gobernuaren Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren eraikin publikoak birgaitzea bultzatzeko programatik 268.390,47 euroko diru laguntza eskuratu du. Bizkaiko Foru Aldundiaren Herriak Egiten ezohiko funtsetik, berriz, 100.000 euro jaso ditu, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren Leader programatik 75.035,50 euro.
Alkatearen arabera, beste lau hilabete inguru iraungo dute lanek: “Izan ere, uda dago tartean, eta luzatu egingo da”.