Zortzi organo, hamar kontzertu eta hamabost artista
Zapatua [uztailak 19] eta abuztuaren 15a bitartean egingo dute 21. Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor musika zikloa, 'Organoa Errege' lelopean.

Uda aldia bertaratzeagaz batera, iritsi da Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor musika zikloa. Ia hilabetez, eskualdeko elizak jaialdiaren 21. ekitaldiaren kokaleku izango dira zapatu honetatik [uztailak 19] abuztuaren 15era bitartean. Hamar emanaldiz osatuta egongo da aurtengo aldia, eta hamabost artistak parte hartuko dute, Busturialdeko zortzi organo edota armonium baliatuta.
Organoa Errege lelopean, eskualdearen luze-zabaleko auditorium edo agertokiak hartuko ditu, ikusleak “txunditzeko” helburuz, antolatzaileek gaurko [uztailak 17] aurkezpen agerraldian azaldu dutenaren arabera. Joxe Benantzi Bilbao UOJEk koordunatzaileak Busturialdeko organoak “balioan jartzeko asmoz” sortutako ekimenak duen jarraipena azpimarratu du: “Aurten, entzulerik leialenei zuzendutako egitaraua prestatu dugu, Europako organo jotzailerik entzutetsuenetako zenbait euskal herritarrik distiratsuenekin uztartzen dituena. Dena dela, gure helburua ez da soilik goi mailako musika ikuskizuna eskaintzea, artista garaikideen eta antzinako musika tresnen arteko ezkontza bistaratzea ere bilatzen baitugu; jaialdia, funtsean, geure historiaren, ondarearen eta musikaren arteko nahasketa da”.
Joxe Benantzi Bilbao: “Aurten, entzulerik leialenei zuzendutako egitaraua prestatu dugu, Europako organo jotzailerik entzutetsuenetako zenbait euskal herritarrik distiratsuenekin uztartzen dituena”
Hain zuzen, 2024an 4.000 ikusle bildu zituen jaialdiak: “Organoen soinua ahotsekin uztartzea ideia aparta izan zen, eta jendeak ederto erantzun zion proposamenari. Horrexegatik eutsiko diogu aurtengoan ere molde horri”. Aurten parte hartuko duten artistei dagokienez, nabarmentzekoak dira, alde batetik, Daniele Ferretti, Walter d’Arcangelo, Christian Tarabbia, Elise Rollin, Julie Dey moduko nazioarteko parte hartzaileak. Euskal herritarren maila, baina, ez da makalagoa izango; besteren artean, Bilbao bera, Alize Mendizabal, Aritz Labrador edota Mikel Ansola taularatuko dira. Saioetako batzuetan artista bat baino gehiago oholtzaratuko da emanaldi berean. Kortezubin, kasurako, Cor de Nuit hirukotea izango da protagonista; Gautegiz Arteagan, Vicent Bru eta Cristina Barceló; Bermeon, Ansola eta Labrador.
Aurtengo egitaraua osatuko duten hamar emanaldiak asteburuetan edota “jai nahiz ospakizun jakinen” testuingurupean egingo dituzte. Mundaka, Kortezubi, Gernika-Lumo, Arratzu, Gautegiz Arteaga eta Bermeo dira aurten parte hartuko duten udalerriak; horietako batzuek, gainera, errepikatu egingo dute. Emanaldiak eredu klasikoari jarraiki emango dituzte, eta “denetariko ahotsek” esku hartuko dute, hala nola, soprano, tenore edo hirukoteek. Denak ala denak 20:00retan hasiko dira argitu dute, eta, azkeen urteetan modura, zikloa Mundakan hasi eta amaituko dutela.
Aitziber Ansotegi: “Urdaibain hainbat altxori ditugu eta, preziatuenen artean, herrietako organoak daude”
Lumo, egitarautik kanpo.
Ibarrangeluko eliza ere agertokietako bat izan behar zen, baina azken orduan egitarautik kanpo geratu da, bertan egiten ari diren obra batzuk tarteko. Lumoko elizako “balio erraldoiko” organoa ere ez da zikloan ageri aurten. Antolatzaileek aurreratu dute erabakia udalaren eskutik iritsi dela: “Lumoko saioa jendez lepo bete ohi zen, baina bertara igotzeko anezka zerbitzua jartzeak kostu ekonomikoa du, eta uste dugu aurten egitarautik ateratzeko erabakia ekonomikoa izan dela”. Hori bai, hitzordu horiek biak hurrengo urteei begira “gordeta” geratuko dira. Gainera, Gernikan beste agertoki bat ere begiz jota dute: Santa Klara. “Hango organoagaz zer edo zer egiteko asmoz, bagabiltza musturrak sartzen; gaur-gaurkoz ez dago ezer lotuta, baina beharrean ari gara”.
Begoña de Ibarra: “Organoak berreskuratzeak baina ez erabiltzeak ez du ez hanka, ez buru”
Urremendi Landa Garapen Elkarteko buru Aitziber Ansotegi eskualdeko “altxorrez” mintzatu da: “Urdaibain hainbat altxori ditugu eta, preziatuenen artean, herrietako organoak daude. Jaialdi hau geure arbasoek sortu duten ondarea balioan jartzeko hitzordua da; udako aisialdi eta kultur proposamena izteaz harago, geurea dena jagoteko eta aintzatesteko ekimena da”. Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura zuzendari nagusia, Begoña de Ibarra, pareko moldez azaldu da: “Organoak berreskuratzeak baina ez erabiltzeak ez du ez hanka, ez buru. Era berean, publiko berria erakartzeko lan handia egiten dute”.
Antolatzaileek aho batez nabarmendu dute eskualdeko armonium zein organoak berreskuratzeko egiten ari diren behar “itzela”. Alde horretatik, aurten Busturiako Axpekoak 260. urtemuga beteko du; Ibarrangelukoa 120. urteurrenera iritsiko da; Arratzukoak, aldiz, 175 urte beteko ditu. Bilbaok Bermeoko San Frantzisko elizako edota Muxikako organoen berreskuratze lanei dagozkien berbak ere izan ditu: “Hogei urtetan hamar organo berreskuratu izana ez da inondik inora kasualitatea. Foruko harmoniuma konponduta dago, eta Bermeo, Arratzu nahiz Muxikakoak bidean daude. Lan handia dago atzetik”.
EGITARAUA
Uztailak 19.
Mundakako Andra Mari eliza: Daniele Ferretti (organoa).
Uztailak 24.
Kortezubiko Santiago Apostolua eliza: Cor de Nuit Trio (armonioa eta ahotsa).
Uztailak 25.
Gernika-Lumoko San Bartolome-Mertzede parrokia: Alize Mendizabal (organoa).
Uztailak 26.
Busturiko Axpeko Andra Mari eliza: Walter d’Arcangelo (organoa).
Uztailak 31.
Gernika-Lumoko Andra Mari eliza: Oscar Candendo (organoa).
Abuztuak 2.
Arratzuko San Tomas eliza: Benantzi Bilbao (armoniuma).
Abuztuak 3.
Bustuiko Axpeko Andra Mari eliza: Christian Tarabbia (organoa).
Abuztuak 9.
Gautegiz Arteagako Andra Mari eliza: Vicent Bru (organoa) eta Cristina Barceló (sopranoa).
Abuztuak 10.
Bermeoko Andra Mari eliza: Mikel Ansola (organoa) eta Aritz Labrador (txistua).
Abuztuak 15.
Mundakako Andra Mari eliza: Elise Rollin (organoa) eta Julie Dey (sopranoa).