'Santa Luziari begiradak' erakusketa inauguratu dute
Gaurtik aurrera dago ikusgai 'Santa Luziari begiradak' erakusketa, Santa Luziako baselizan. Gernika-Lumoko Udaletik azaldu dute, honekin, auzoko bizilagunentzat "karga sinboliko handia" duen eraikina, "memoria kolektiboa orainera proiektatzen den topagune" bihurtzen dela.

Gernika-Lumoko Santa Luzia baselizan Santa Luziari begiradak izeneko argazki erakusketa inauguratu dute, gaur. Erakusketa Santa Luzia eta Lumo inguruaren memoria bisuala dokumentatzen duten berrogeita hamar irudi garaikide baino gehiagok osatzen dute, eta gaurtik aurrera ikusgai izango dela aditzera eman du Jose Mari Gorroño foru herriko alkateak eta bertaratutako udalbatzeko hainbat kidek. 10:00etatik 20:00etara bitartean bisitatu ahal izango da erakusketa berria, esan dutenez, eta “ibilbide bisuala” eskaintzen duela nabarmendu du horren ianugurazioan Cristina Arana Gernika-Lumoko Kultur Etxeko zuzendariak.
“Lurraldearen eta haren komunitatearen arteko lotura sendotzeko” helburuz sortutako erakusketa dela gaineratu dute, panel desberdinetan sei atal bereizten dituelarik; Gure baserriak, Ermitak, Panoramikak, Urak Dakarrena, Lumo eta Aurrera Begira. “Argazkien bidez, bakoitzaren memoria lantzeaz gain, memoria kolektiboa ere lantzen dugu. Herrialde, auzo eta txokoen ondarea argazkien bidez lantzen dugu, hain zuzen”, esan dute. Eta, “oso garrantzitsutzat” jo dute horrelako erakusketen biziraupena.
Horregatik, udal gobernuko kideek, Santa Luziari begiradak erakusketarekin, “herriko kultura-ondareari balioa eman” nahi dio. Izan ere, Gorroñok, ikusgarritasunari aipamen berezia egin dio: “Proiektu horrek hiri-inguruneko elementu esanguratsuak berreskuratu nahi ditu, eta, horretarako, proposamen eskuragarrien eta parte-hartzaileen bidez, ikusgarritasuna eman nahi die”. Ze, azaldu du, baselizan egindako bigarren erakusketa dela, eta aurrekoan esan zituen hitzak gogoratu ditu: “Lumo eta inguruak ere herriaren parte dira, eta hain da handia herria, askotan txoko desberdinak ahazten ditugula. Erakusketa honeek ahanztura hori ekiditea ahalbidetzen digute, argazki eta irudi desberdinak ikusiaz, gure inguruak oroituz“.
Bestalde, Santa Luzia baseliza aukeratu izana “ez da kasualitatea”. Alegia, erakusketa honekin, auzoko bizilagunentzat “karga sinboliko handia” duen eraikina, “memoria kolektiboa orainera proiektatzen den topagune” bihurtzen da, udalaren ustetan.
Inaugurazioan, Gernika-Lumoko Udalbatzaz gain, korua ere izan da protagonista. Hurrenez hurren, pare bat abesti abestu, eta giro herrikoi ederra sortu dute Santa Luzia baselizan. Jarraian, gainera, mokadua ere prestatu du udal gobernuak, bertaratutakoentzat.