Busturialdea "euskararen eremu seguru" bihur dadin
Gernika-Lumoko Pasealekuak Busturialdeko Euskaltzaleen Topaketa hartuko du datorren zapatuan [uztailak 19], egun osoko egitarauagaz.
Euskararen erabileraren datuek argi eta garbi diote: arnasa behar du hizkuntzak, espazioak behar ditu, erabilera ahal bezainbeste hauspotzea. Euskarak Busturialdean —eta bereziki gazteenen artean— bizi duen gainbeheraren aurrean, Mobidu eta Etxalak taldeek Busturialdeko Euskaltzaleen Topagunea antolatu dute zapatu honetarako [uztailak 19]. Gernika-Lumoko Pasealekua denetariko egitasmoen habitat bihurtuko da, egutegian urtez urte gorriz markatuta geratzeko etorri den egun berezia tarteko.
Antolatzaileen argitu dutenaren arabera, hizkuntzaren erabilera ezari dagokion “hausnarketa” da ekimenaren ernamuina: “Euskararen erabileraren datuek argiki bistaratzen dute egoera ez dela ona; hala, euskaraz bizi gura duen belaunaldia garela aldarri egin gura dugu, kalean igarri baitugu asko eta asko direla euskara ama hizkuntza duten baina egunean-egunean erabiltzen ez duten gazteak”. Saretzea oinarri eta eragitea jomuga, egun berezi hori “herri proiektu baten” markoaren barruan ulertzen dute: “Ezinezkoa da hizkuntza batez berba egitea, herri batez mintzatu barik; euskaraz biziko den zapalkuntzarik gabeko herrian bizi nahi dugu, modu duinean eta espazio seguruekin”.
Kontzientziazioa eta kultur eskaintza.
Busturialdea “euskararen eremu seguru” izan dadin, kontzientziazioa eta kultur eskaintza izango dira zapatuko egitarauaren ardatz nagusiak. 11:30ean ekingo diete atondu dituzten jarduerei. Zegaittik da garrantzitsue euskeraz saretzie? izenpean, mahai inguruan elkartuko dira parte hartzaileak; bertan egongo dira, halaber, Gazte Euskaltzaleen Sareko kideak. 12:30ean, trikipoteoa egingo dute, eguerdiko une gailurra orduko: 14:30ean, Gazte Euskaltzaleen argazki erraldoia eta osteko ekitaldia egingo dituzte: “Hala Mobidu, nola Etxalak taldea funtsean gaztez osatuta egonagatik ere, edozein adinetako herritarrak ondoetorriak izango dira, eta parte hartzeko deialdia luzatzen diegu; euskararen egoerak guztion parte hartzea nahiatezko du”.
Talde bazkarian 150 lagun inguru biltzea aurreikusten dute antolatzaileek
15:00etan, talde bazkari herrikoian bilduko dira partaideak. Txartelak lortu gura dituztenek Gernika-Lumoko Arranon edota Bermeoko Batun-Batunen poltsikoratu ditzakete. Egin dituzten aurreikuspenen arabera, “150 lagun inguru” elkartzea espero du antolakuntzak. Mahaigainekoa dezibel gozoz eztituko dute, Elena, Ander eta Iratiren musika tarteko, baita bazkalosteko bingo musikatuagaz ere. Arratsaldean, euskal olinpiadak egingo dituzte: “Herri kiroletan oinarrituta egongo dira, baina formatu eguneratua edo berezia ematen saiatuko gara”. Iluntze aldera, 19:30ean, karropoteoa egingo dute, gaueko kontzertu sorta baino lehen. Busturialdeko nahiz Lea-Artibaiko taldeak oholtzaratuko dira lehenik: Eiho eta 48280. Marifarra DJaren sesioak biribilduko du musika emanaldia.
EGITARAUA
11:30. Mahai ingurua: Zegaittik da garrantzitsue euskeraz saretzie?.
12:30. Trikipoteoa.
14:30. Gazte Euskaltzaleen argazki erraldoia eta ekitaldia.
15:00. Talde bazkaria.
Ostean. Elena, Ander eta Iratiren kontzertu akustikoa eta bingo musikatua.
18:30. Euskal olinpiadak.
19:30. Karropoteoa.
21:00. Kontzertuak: Eiho, 48280 eta DJ Marifarra.