Eragindako sute bi amatatu dituzte Mundakan
Argazkia: Mundakako Udala. Mundakako Udaletik aditzera eman dutenaren arabera, domeka [uztailak 6] goizean, 07:30ak aldera, beren-beregi eragindako sute bi amatatu behar izan zituzten udalerrian. Bata Basamortu kalean gertatu zen; edukiontzi berde bati su eman zion norbaitek. Bestea, berriz, paperezko edukiontzi bat izan zen, geltoki inguruan kokatua.
Udal ordezkaritzak “gogor gaitzetsi” ditu “ingurunearen eta herriko bizikidetzaren aurkako ekintza bandaliko” horiek. Hori dela eta, ekintza horiek egiteko asmoa duten denei “Mundakara ez bertaratzeko” deia egin diete. Era berean, udalak eskerrak eman dizkie suteak itzaltzeko beharretan “azkar jardun” duten guztiei.