Lointek Gernika Bizkaia, Eurocup Womenera bueltan
Lointek Gernika Bizkaiak Eurocup Women jokatuko du 2025/2026 denboraldian. Kluba "prest" dago erronkari aurre egiteko; zazpi urtez jarraian jokatu izan dute txapelketa, iaz kanpoan geratu arte.
Lointek Gernika Bizkaia Eurocup Women txapelketara bueltatuko da hurrengo denboraldian. 2017/2018 denboraldiaz geroztik, talde gernika-lumotarra zazpi urtez jarraian egon da Europako saskibaloi txapelketarik esanguratsuenean, baina iaz ezin izan zuen parte hartu; urtebeteko etenaldiaren ondoren, beraz, taldeak lehia horretara itzultzeko aukera izango du. Emakumezkoen Endesa Ligaren azken sailkapenean bederatzigarren postuan amaitu ondoren jaso dute Malostekoek, azken orduan, gonbidapen ofiziala.
Lucas Fernandez: “Aurretiazko kanporaketa jokatu behar izateak plangintza aldaketa suposatuko luke; halere, oso pozik gaude, aukeragatik”
Lucas Fernadez entrenatzaileak europar lehiaketara itzultzeak sortzen dien “ilusioa” azpimarratu gura izan du, baina, era berean, nabarmendu du oraindik ez dakitela aurretiazko kanporaketari aurre egitea suertatuko zaien ala ez: “Horrek plangintza aldaketa egin behar izatea suposatuko luke; halere, oso pozarren gaude, aukeragatik. Azken orduko zerbait izanik ere, kluba aukera hori zukutzeko prest egongo da”.
Azken albiste horrekin, eta hurrengo denboraldirako lantaldea osatzeko prozesu bete-betean murgilduta, Lointek Gernika Bizkaiaren ordezkariak jarraitzaileei zuzendu zaizkie, beraien indarra nahiz laguntza “inoiz baino gehiago” behar dituztela adierazita. Are gehigo, hurrengo urtean klubak 30 urteko ibilbidea beteko du. “Ez dago klubaren 30. urtemuga ospatzeko modu hoberik, Europan jokatuz egitea baino. Jarraitzaileekin batera egin nahi dugu Eurocup Womenera itzulera, eta, horretarako, bazkide egitea baino era hoberik ez dago”, eman dute aditzera.