500 mendizale elkartuko dira Elantxobeko portuan
Datorren zapatuan [uztailak 5] egingo dute Elantxobeko Mendi Martxaren XI. ekitaldia. 11 eta 22 kilometroko ibilbideak egingo dituzte.
Datorren zapatuan [uztailak 5], Elantxobe eta inguruko bazterrak zeharkatuko dituzte eskualdeko mendizaleek. Atxurkulu Mendi Klubak antolatuta, Elantxobeko Mendi Martxaren XI. ekitaldia egingo dute, eta zelan egin, gainera. Izan ere, herritarrek ederto erantzun diote antolakuntzaren deialdiari, eta aurretiaz agortu dituzte eskuragarri zeuden 500 plazak. Horrenbestez, ez da egongo egunean bertan izena emateko aukerarik. Antolakuntzak “eskerrak” eman dizkie izena emandako guztiei.
Aurtengo aldiak, beste behin, egun ahaztezina izateko osagai guztiak mahaigaineratuko ditu. Aukera bi egongo dira: ibilbide luzea eta laburra. Luzeak 22 kilometro inguru edukiko dituela aurreratu dute; parte hartzaileek 982 metro positiboko desnibel metatuari aurre egin beharko diote, eta 08:30ean hasiko dira oinez. Aukera laburra hautatzen dutenek, berriz, 504 metroko desnibela edukiko dute, 11 kilometrotan banatuta; 10:00etan ekingo diote bideari. Biek ala biek Elantxobeko eta inguruko udalerrietako gailurrik esanguratsuenak igaroko dituzte, eta portu eremuan izango dituzte hala irteera, nola helmuga gunea.
Bidean, gainera, indarrak berritzeko anoa postuak ipiniko dituzte antolatzaileek. Horietako lehendabizikoa Ogoñon topatuko dute, eta han edaria baino ez da egongo eskuragarri; hurrengoa Akorda auzoan kokaturik egongo da, eta bai solidoa, bai likidoa izango da; hirugarren postua Ibarrangelukoa izango da, likidoa. Horiez gain, helmuga eremuan jai giroa eta aldarte bikaina ez dira faltako eta, zelan ere, jan-edana ere prest edukiko dute bertan, egindako esfortzuei buelta emateko. Parte hartzaileek 15:00ak arteko tartea edukiko dute ibilbide biak biribiltzeko, orduantxe zarratuko baitute kontrola.