Uztaileko eguenak musikatuko ditu Arbolapean kultur programak
Uztailaren 3an hasi eta 24ean bukatuko da, beste behin, Gernika-Lumoko Kultur Etxeak abiatutako Arbolapean kultur programa. Ziraun, Zuga, Sueder eta NAZ taldeen musikaz beteko da Seber Altube Auditorioa, eguenero.
Kultura eta arte eszenikoak herritarrengana gerturatzea helburu du Arbolapean kultur programak. Gernika-Lumoko Kultur Etxeak 2022an abiatu zuen estreinakoz, eta beste behin, musika desberdina kalera ateratzea erabaki dute aurten ere. Hala, eguen honetan (uztailak 3) ekingo diote programari, eta uztailaren 24a bitartean, zuzeneko musikak hartuko du Seber Altube Auditorioa, eguenero.
Beste behin, Ziraun talde gernika-lumotarraren esku egongo da programari hasiera ematea, eguenan, Seber Altube Auditorioa askotariko abestiez jantziz. Hurrengoa, aldiz, Asier Zugadi Zuga gernika-lumotarra izango da, uztailaren 10an. Berritasunik ere izango da, aurreko urtearekiko, gainera. Hala, uztailaren 17an Sueder taldea izango da, Gernika-Lumoko kaleak pop-rock alaiez jantziko dituena. Arbolapean kultur programaren itxeraz, halaber, NAZ taldeko neskak arduratuko dira aurten; uztailaren 24ean izango da beraien txanda.
Gernika-lumotarrak kulturaz blaitzeko asmoz sortutako programa, beraz, hastear dago. Ez edozein kulturaz eta musikaz, gainera. Izan ere, programaren baitako abeslari eta talde guztiak gernika-lumotarrak dira. Herrian sortutako kultura herriari eskaintzea bilatuko du, alegia, aurten Arbolapean kultur programak. Iparragirreren Gernikako Arbolaren gerizpean garatuko den kultur egitarau modura aurkeztu zuten ekimena, hainbat urtetan udalerrian egiten ziren Udako Musika Jardunaldiak oinarri hartuta, eta apustu horregaz jarraitzen dute aurten ere.