Norbanakoentzako udal dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu du Eako Udalak
Norbanakoek uztailaren 14ra bitartean egin ditzakete eskaerak.
Kirol jardueretarako zein musika eta bestelako ikasketetarako laguntza eskatzeko epea zabaldu du Eako Udalak; laguntza eska dezakete eatarrek, betiere udalerrian horrelakorik eskaintzen ez bada. Eskaerak udaletxean aurkez daitezke ekainaren 30etik uztailaren 14ra arte.
Diru laguntzaren helburua da Eako herritarrei kirol jardueretan parte hartzea eta musika zein bestelako jasotzea bultzatzea. Hala, bi motatako ikastaroak diruz lagunduko dituzte: herritik kanpo aurkitzen diren udal kiroldegietako kuotak eta musika eta bestelako ikastaroenak. Bi kasuetan, Ean eskaintzen ez diren jarduerak lagunduko dituzte, horiek eskaintzen dituzten udalerrietan erroldatuen eta ez erroldatuen artean zehazten dituzten diferentziak kalkulatuz eta diruz lagunduz. Diruz lagunduko diren jarduera eta ikastaroak deialdiaren urte berean edo aurrekoan egindakoak izan behar dira, eta behin baino ezingo da diru laguntza jaso matrikula beragatik.
Eako Udalak 4.000 euroko aurrekontua izango du helburu honetarako, eta, jakinarazi dute, kasuan kasu, eskaerak aztertuta, deialdi honetan aurreikusitako kopurua gaindituko balitz, eskaeren kopuruaren eta deialdiaren arabera erabilgarri dagoen kopuruaren diferentzia proportzionalki kalkulatuko dutela diru laguntza jasotzeko eskubidea duten eskatzaile guztien artean.
Onuradunei dagokienez, deialdi hau argitaratzen den eguna baino sei hilabete lehenagotik Ean erroldatuta daudenek eta baldintzak betetzen dituztenek jaso ahalko dute.
Eskaera orria udaletxean edota www.ea.eus webgunean jaso ahalko da, eta, horrekin batera, Nortasun Agiria, erantzukizun aitorpena eta eskatzaileak egindako matrikularen, abonuaren edo zerbitzua eskaintzen duen erakundearen ziurtagiriaren fotokopia —eskatzaileak zerbitzua jasotzen duela egiaztatzen duena—.
Bestalde, euskara ikasteko udal dirulaguntza eskatzeko epea urte amaieran zabalduko dutela jakinarazi dute. Edonola ere, laguntza horiek eskuratu ahal izateko gogoratu dute ezinbestekoa dela aurretiaz HABEren dirulaguntza eskatzea. Izan ere, maila gaindituz gero, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen erakundeak %100 finantzatzen ditu B2 mailara arteko ikasketeak, baita C1 mailakoak ere, 16 eta 30 urte arteko gazteen kasuan. HABEren laguntzak eskatzeko bi txanda egongo dira, eta eskabideak aurkezteko lehen epea zabalik dago abuztuaren 4ra arte.