Muxikako uztaileko eguen iluntzeetako hitzorduak, zehaztuta
Hiru hitzordu hiru leku desberdinetan. Muxikako Udalak hirugarrenez antolatu du Eguenetan ze einbizu? egitasmoa, eta etzi hasi eta uztailaren 17ra arteko eguenetarako kulturaz gozatzeko zitak prestatu ditu: dastaketa, bertso saioa eta bakarrizketak.
Uztaileko eguen iluntzeetan zer egin behar duzu? Galdera horri mahai gainean jarri du Muxikako Udalak hirugarren urtez, eta herritarrei uztaileko eguen iluntzeetan zer egin behar duten galdetuta, kulturaz gozatzeko aukera eskainiko die oraingoan ere.
Aurreko bi urteetako balorazio ona eginda, aurten errepikatzea erabaki dute; hala, kultura bultzatzea zein herritarrei herritik joan barik aisialdirako eskaintza eskaintzea helburu hartuta, Eguenien ze einbizu? ekimena jarri dute martxan hirugarrenez. Aurten, uztaileko lehen hiru eguenetarako hitzordua zehaztu dute, kultur eskaintza ezberdinak eskainiz.
Aurreko urteetakoari jarraituz, aniztasuna bilatu dute ekitaldiak antolatzeko orduan, herritarrei diziplina ezberdinak eskainiz. Hori horrela, dastaketaz, bertsoez zein umorezko bakarrizketez gozatzeko aukera izango dute bizilagunek. Eta, ohi legez, oraingoan ere udalerriko txoko ezberdinetara ailegatzea izan dute asmo. Ondorioz, Kurtzero, Gorozika eta Ugarte izango dituzte topagune.
Etzi (uztailak 3) dute lehenengo hitzordua muxikarrek, Urdaibaiko txalolina dastatzera joango baitira Remenetxera. Horretarako, baina, aurretiaz izena eman beharko da, Zubieta Errota liburutegian, 25 euro ordainduta. Eguenean, bederatzi txakolin dastatuko dituzte, eskualdeko bederatzi upategirenak, eta, horrez gain, mokadua jarteko aukera ere izango dute: txakolin bakoitzaren zaporea nabarmentzeko jatekoa izango da.
Hilaren 10ean, aldiz, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua egingo dute, eta Onintza Enbeita muxikarraren, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarraren, Uxue Alberdi elgoibartarraren eta Miren Amuriza berriztarraren bertsoez gozatuko dute horretan, Gorozikan. Gai jartzaile lanetan Ainhoa Urien ariko da, eta Aner Peritz eta Claudia Alduntzin izango dira musikariak.
Uztaileko hirugarren eguenean, berriz, egunerokotasunaz, norberataz edo gizarteaz barre egiteko aukera izango dute adin guztientzako herritarrek Ugarten. Izan ere, Asier Galarza bizilagunak, Manex Astigarragak, Amaia R. de Galarretak eta Julen Pagazaurtunduak umoreko bakarrizketak eskainiko dituzte bertan.
Hala, Muxikako Udalak herritarrei udalerriko udako iluntzeez gozatzeko deia egin die, gerturatzeko eta ondo pasatzeko hitzorduak direla esanda.
Egitaraua.
Etzi, uztailak 3.
19:00. Urdaibaiko txakolinaren dastaketa Remenetxen.
Uztailak 10.
19:00. Bertso saio musikatua Onintza Enbeitagaz, Nerea Ibarzabalegaz, Uxue Alberdigaz eta Miren Amurizagaz, Gorozikan.
Uztailak 17.
19:00. Umorezko bakarrizketak Asier Galarzagaz, Manex Astigarragagaz, Amaia Ruiz de Galarretagaz eta Julen Pagazaurtunduagaz, Ugarten.