Hilerriko hobekuntza lanak amaitu dituzte
Muruetako hilerrian irisgarritasuna eta ehorzketa baldintzak hobetzeko lanak egin dituzte. Obren kostua 86.760,81 eurokoa izan da, eta aldundiaren 60.000 euroko laguntza jaso du udalak.

Muruetako Udalak amaitu ditu udalerriko hilerrian egin dituen hobekuntza lanak. Julen Karrion alkateak azaldu duenez, hilerriaren hobetze hori agintaldiaren hastapenean ezarritako “proiektu estrategikoetako bat” zen, eta, hala, “hauteskunde konpromisoa” bete dutela azaldu du udalak. Kanposantuaren ekialdeko fatxadatik ibilgailuentzako atzeko sarbidea egokitu dute eta, gainera, aparkatzeko eremu txiki bat ipini. Espazioaren barrualdean, berriz, “kolunbario batzuk” jarri dituzte. Hobetze beharrek 86.760,81 euroko kostua eduki dute eta, era berean, udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren 60.000 euroko diru laguntza jaso duela adierazi dute.

Argazkia: Muruetako Udala.
Alkateak lanen xehetasunei buruzko argibideak eman ditu. Batetik, azaldu du irisgarritasuna “helburu” izan dutela: “Sarbide berria kanposantuaren kanpoko hormarekiko paralekoa da, lau metroko zabaleraduna; hormigoizko zorua eta alboko baranda jarri dira bere luzera osoan, segurtasuna bermatzeko”. Ehorzketa baldintzen hobekuntzei dagokienez, “gaurko eta etorkizuneko beharrizanei” aurre egiteaz mintzatu da Karrion: “Hilerria leku berezia da muruetarrontzat; bertara joaten gara, galdu ditugun senideak edota lagunak gogoratzera, eta ahalik eta baldintzarik duinenetan egotea merezi dugu”. Hori dela eta, nitxoen aurrealdeko beheko aldean, 24 kolunbario berri jarri dituztela argitu du.

Argazkia: Muruetako Udala.
Aparkaleku berriaren nondik norakoez ere mintzatu da Karrion: “Bidearen azken zatian kokatutako zoladurazko aparkalekua da, lurrak eusten lagunduko duen hormatxo batez errematatua. Kale argiak ere jarri dira, inguru guztia argiztatua egon dadin. Lan horiekin, bisita esperientzia erosoagoa eta eskuragarria izatea bermatu gura da, batutasunean errespetua gordetzeko ingurune egoki batean”.