Uda ostean hasiko dute anbulatorioko arrapala mekanikoaren bigarren fasea
2025eko otsailean abiatu zuten proiektuaren lehenengo fasea "aurreikusitakoaren arabera" doanez, Gernika-Lumoko Udalak aditzera eman du, bigarren fasearekin uda ostean hasiko direla, 487.751ko aurrekontuarekin.

Gernika-Lumoko Udal ordezkariek jakinazari dutenez, uda ostean San Juan kaleko arrapala mekanikoaren bigarren faseari ekingo diote. Horrekin, herrigunean «aldapa handiena» duen zatietako batean irisgarritasuna hobetzeko helburua daukatela gogoratu dute.
Proiektua aurtengo otsailean abiatu zuten, orduan hasi baitzituzten lehenengo zatiko lanak, Iñigo Lopez de Haro kalearen eta osasun etxearen artean; 808.000 euroko inbertsioa egin zuen udalak. Orain, berriz, obra 487.751 eurotan esleitu dute. Bigarren fasean, Carlos Gangoiti eta Iñigo Lopez de Haro kaleen arteko zatian egingo dituzte lanak: «Bigarren fasearekin, oinezkoen mugikortasuna errazteko diseinatutako jarduketa bat amaituko da, batez ere, adinekoen eta anbulatorioko erabiltzaileen mugikortasuna erraztu gura da».
Unitate berriak sentsore fotoelektrikoen bidez «urrutitik abiatzea eta gelditzea kudeatzeko gai den kontrol-sistema automatizatua» izango duela azaldu dute. «Mekanismoak errodadura-bandaren bi aldeetan kokatutako zenbait fotokelula izango ditu, ibilbidean zehar pertsonen presentzia detektatzeko. Sistema horrek ez du eskatzen aurrez aurreko gainbegiratzerik, eta eraginkortasun operatiboa optimizatzeko diseinatuta dago», nabarmendu du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.
Arrapala jartzeaz gain, esku-hartzeak espaloiaren zoladura berritzea ere aurreikusten du. Egungo sestrak ez dira aldatuko, eta horrek egungo hiri-egiturari «aldaketa handirik gabe eustea» ahalbidetzen du. Hori ardatz, alkateak proiektuaren izaera estrategikoa azpimarratu du: «Ez gara irisgarritasunaz bakarrik ari. Arrapala horrek islatzen du udalak hiri atseginago eta modernoago batekiko duen konpromisoa».
Aurreikusitako epean. Obraren lehenengo zatia «fase aurreratuan» dago, eta ia 48 metroko luzera eta 6 metroko desnibela duen egitura mekanikoa du, hamar graduko maldarekin. Pasatzeko zabalera metro batekoa da eta funtzionatzeko abiadura 0,5 metro segundokoa: «Oinezkoak eroso ibiltzeko aukera ahalbidetuko du». Lehenengo fasean, saneamendu-sareak berritu eta berunezko hodiak aldatu behar izan dituzte, «udalerria hobetzeko jarduera integral baten barruan». Obraren epeak «aurreikusitakoaren arabera» doazela esan dute.
Gorroñoren hitzetan, arrapala mekanikoak bizilagunen «bizi-kalitatea hobetzen lagunduko» du, eta herrigunearen kohesioa indartuko du, «mugikortasun jasangarri eta irisgarrirako udal-politiken ildotik».