Magali Jaiok irabazi du ikasturteko azken Ezetz Jakin saria
Maria Luisa Aslak jaso du parte hartzaile guztien artean zozkatzen den saria. Ikasturteko azken saria izan delarik, orain artekoaren "balorazio positiboa" egin dute Gernikako Berbalagunek.

Ikasturteko azken saria banatu dute Gernika-Lumoko Berbalagunek; Magali Jaio AEKko ikasleak irabazi du ekaineko Ezetz Jakin lehiaketa. Azaldu dutenez, orain arteko sariak tabernen eskuetatik jaso dituzten arren, azken hau Mai-Ona dendaren eskutik jaso dute, irabazleari produktuen kutxa bat emanez. Halaber, parte hartzaile guztien artean zozketatzen den saria Maria Luisa Aslak jaso du oraingoan; 20 euroko bonoa izango du, datozen bi hilabeteetan herriko establezimendu batean gastatzeko.
“Oso pozik” agertu dira beste behin Gernika-Lumoko Berbalaguneko kideak, eta ikasturteko azkena izanik, orain artekoaren balorazio positiboa egin dute berbalagunek: “Iazko eta aurtengo parte hartzaile kopurua alderatuz, ia 20 pertsona gehiagok hartu dute parte aurten. Horrez gain, guretzako oso garrantzitsua izan da sari emaileen berritasuna. Taberna eta komertzio berriak izan dira, aurten, sariak eman dituztenak. Oso pozgarria da hori guretzat”.
Aurreratu dute, gainera, nahiz eta Ezetz Jakin lehiaketa bukatu duten, pare bat ekitaldi geratzen zaizkiela, udako oporrak baino lehen. “Zapatuan irteera egingo dugu, ohi modura, Gernikako inguruak ezagutzeko, eta ardo dastaketa ere egingo dugu”, esan dute. Bide batez, hurrengo ikasturtean ere lehiaketari eusteko asmoa dutela nabarmendu dute.