Gernika-Lumoko udal gobernu taldearen lanarekiko "balantze oso txarra" egin du LABek
Ikasturtean zehar udal gobernu taldeak "hitzemandako konpromisoak alboratu" egin dituela salatu du LABek, besteak beste. Horregatik, mezu argia bidali diete: "Egin zuen lana!". Beraien aldetiko guztia egiten jarraituko dutela esan dute, langileen eskubideen alde borrokatzeko.
“Egin zuen lana!”. Hori da LABek Gernika-Lumoko udal langileria arduradunei bidali dion mezua. Izan ere, beraien kezka aditzera eman du sindikatuak, ikasturte honekiko “balantze oso txarra” eginez. Interpelazio eta salaketa etengabea gainditzeko saiakerak ez dira falta izan sindikatuko kideen aldetik, adierazi dutenez. Baina bueltan jaso dutena ez da berdina izan: “Kurtso amaieratik adierazi genuen gure lankidetzarako, elkarrizketarako eta proposamenak egiteko prestutasuna, beti ere, udal langileen lan-baldintzak hobetzea helburu nagusitzat hartuz. Hala ere, errealitatea guztiz bestelakoa izan da”.
Argi eta garbi adierazi dute, beraz: “Udal gobernu taldeak ez du bere ardura bete”. Ze, azaldu dute “komunikazio falta nabarmena” izan dela ikasturte guztian zehar, “bereziki azken hilabeteetan”. Gainera, udal gobernu taldeak “hitzemandako konpromisoak alboratu” egin dituela salatu du LABek, besteak beste. “Ia ez da bilerarik egin ordezkaritza sindikalarekin, eta egindako gutxi horiek formalismo hutsean geratu dira”, gaineratu dute.
Langileei zuzenean eragiten dieten gaietako aurrerapausoak eskatzen dihardute, eta euren hitzetan, udal langileria arduradunen aldetik “ez da borondaterik egon benetako negoziorako”. Egoerak, gainera, hobera egin baino, okerrera egin duela diote: “Errespetu faltara iritsi gara, adostutako batzarrak ez dira egin, jakinarazi ere ez digute egin, eta bidalitako mezuak erantzun ere ez dituzte egin”. Alegia, “ostrukaren jarrera” hartu dute LABekoen ustez, azken hilabeteetan. Langileei eta beraien ordezkariei erantzuteko ardura eta negoziatzekoa udal gobernuko kideen lana dela gogoratu, eta mahai gainean dauden gai ugariekiko irtenbide eza azpimarratu dute: “Ez ihes egin zuen arduretatik eta ez pentsatu ezkutuan jarraitu dezakezutenik”.
Beste hainbaten artean, kasu “larri” bat antzeman du LABek, eta bide batez, salatu; behargin baten kontratua ez berritzea haurdun zegoelako. “Kontratua amaitzean, luzapena berez etorriko litzateke haurdun egon izan ez balitz”, azaldu dute, eta kasu horiek “lotsagarriak” direla argi dute. Gainera, emakumekiko diskriminazioaren adibide argiak ere badirela esan dute. Horregatik, batik bat, prebentzioaren harira, batzordeko bilera egin zuen LABek aurreko astean.
Aldatzeko aukera
Jakinarazi dutenez, berriz ere agerian geratu zen duten “pilaketa” noraino heltzen den. Horregatik, udal gobernuak norabidea zuzentzeko aukera duela gogoratu dute, eta argi adierazi dute, ez dutela amore emango: “Langileen eskubideen defentsan lanean jarraituko dugu, eta beharrezkoa bada, ekintza sindikalean beste pausu batzuk ematen hasiko gara”. Gehitu dute, bide batez, helburua zehaztuta dutela dagoeneko: hurrengo ikasturtea bidezkoagoa, gardenagoa eta duinagoa izatea. Hortik tiraka, beraien esku dagoen guztia egiten jarraituko dutela esan dute.