Bigarren eskuko azoka antolatu dute, lehenengoz, Ean
Ekainaren 28rako (zapatua) jarri dute hitzordua, 12:00etatik 14:00etara bitartean, Eskolondoko arkupean. Azokaren helburua da behar ez den hondakinik ez sortzea, eta oraindik balio duten eta beste pertsona batzuentzat baliagarriak izan daitezkeen produktuek zakarrontzian amai dezaten saihestea.
Hondakinak gutxitzeko eta produktuen bizitza luzatzeko helburuarekin, lehen aldiz Bigarren eskuko azoka antolatu dute Ean; ekainaren 28rako (zapatua) jarri dute hitzordua, 12:00etatik 14:00etara bitartean, Eskolondoko arkupean.
Arropa, jostailuak, liburuak eta etxe tresna zein gailu informatiko txikiak eskuz aldatzeko aukera emango die azokak herritarrei, etxean erabiltzen ez dituzten gauzak ez pilatzeko eta behar dituztenak eskuratzeko. “Ze, tamalez, sarritan ikusten ditugu objektu berriak edo egoera onean daudenak zaborra biltzeko guneetan. Beraz, iraunkortasunaren ikuspegitik pauso bat emateko modua izan daiteke azoka txiki bat antolatzea, non jabeek nahi ez dituzten objektuak eraman ahal izango dituzten, behar dituzten beste pertsona batzuek jaso ditzaten”, azaldu dute udaletik.
Izan ere, produktu batzuek, berez, badutela baztertuak izateko joera uste dute antolatzaileek. Esaterako, haurrentzat erositako produktu gehienak (arropa, jostailuak, liburuak), haurrak azkar hazten direnez, erraz baztertuak dira, baita nahi gabeko opariak ere. “Horiek beste pertsona batzuei balio gehigarri garrantzitsua eskain diezaieketen artikuluen adibide dira, eskaintza eta eskaria azoka txiki batean elkartzea errazten badugu behinik behin”, argudiatu dute udal ordezkariek.
Beraz, azokaren helburua da behar ez den hondakinik ez sortzea, eta oraindik funtzionatzen duten eta beste pertsona batzuentzat baliagarriak izan daitezkeen produktuek zakarrontzian amai dezaten saihestea. “Ekimenak bilatzen du alferrikako hondakinak saihestea, produktuen balio-bizitza luzatzea, gure etxeetan beharrezkoak ez diren gauzak pilatzea saihestea eta artikuluen salmentaren hondar-balioa berreskuratzea”, esan dute.
Hala ere, azokan jartzeko produktuek ezaugarri batzuk bete beharko dituzte: artikulu seguruak izatea, txikiak izatea eta pertsona batek mugitu edo altxatu ahal izatea, egoera onean egotea edota apurtuta ez egotea. “Edozein akats edo higadura adierazi behar da; esaterako, praka batek orban txiki bat balu, adierazi egin beharko litzateke”, argitu dute,
Azokak irabazi helbururik ez badu ere, produktuek baldintza zehatz batzuk betetzean diru-trukea ere egon daitekeela diote, saltzaileak hala nahi izanez gero.