Ate gainekoagaz abiatu dute Erreka Eguna eatarrek

Aurtengoan ere, urtez urteko tradizioa mantenduz ospatu dituzte sanjoanak eatarrek. Kaiarriko tontorretik jaurti zuten txupina barikuan (ekainak 20), eta jaietako egun handiena ospatuz jaiei agur esateko batu dira gaur (ekainak 26) Erreka Egunean.
Egun berezienetan bereziena da Erreka Eguna Ean; goizean goizetik hasi dira giroa berotzen, eta jaietako ikurretako bat den Ate gainekoa dantzatzeari ekin diote eguerdian. 2011az geroztik, eta pandemian salbu, Ibabe Beristain izan da ate gainera igo eta bertan dantzan aritu dena. Eta, aurten ere ez du hutsik egin.
Beristainek ezaguna du ate gainean dantzatzen bete behar duen bidea, eta ohiko tradizioari jarraituz osatu dute aurtengoa ere. Donibane Enparantzan hasi eta amaitu dute buelta, eta, aurten hirugarrenez, Lagun-Etxea aurrean gelditu dira, bertan zeuden nagusiei begira dantza eginez.
Eta, aurtengoan ere, iaz egin legez, 60 urtez Ate gainekoa Ean dantzatzen zuen Jon Argintxona animatu da ate gainera igotzen.
Eguerdi guztian begiradak gorantz joan diren arren, hainbat emakume eta gizon aritu dira atea eta dantzaria eusten, gero eta gehiago baitira lan hori egiten dutenak.
Kalejira amaituta, Ardoa Barrura fanfarriakoek hartu dute Ate gainekoaren lekukoa, eta horiek ere kalerik kale mugitzera animatu dira, herriko txoko guztiak musikaz betez.
Arratsaldean, errekara salto egiteko txanda iritsiko zaie eatarrei, eta jai giroak bere horretan jarraituko du.

































































































































