Surf saioaz gozatu dute Berbalagunek
Gernika-Lumoko Berbalagunetik surf saioa antolatu zuten atzo (ekainak 10), Lagako hondartzan. Hamar berbalagun bertaratu ziren, eta saioa "asko disfrutatu" zuten.

Uda heltzen ari dela jaik badakite Gernika-Lumoko Berbalagunek. Izan ere, atzo (ekainak 10) hamar Berbalagun elkartu ziren Lagako Hondartzan. Alegia, surf saio batez gozatu zuten bertaratutakoek, Ogoñope surf taldeari esker. Egunarekiko balorazio positiboa egin dute, eta esan dutenez, eguraldia eta itsasoa ere lagun izan zituzten.
“Aretzan hasi dugu saioa, bertan egin baitugu praktikaldia taularekin eta beharrezko materialarekin. Denak erraza zirudien arren, uretara sartzerakoan, kirol honen zailtasunaz ohartu gara. Taldekide batzuek taularen gainean zutik jartzea lortu dute; gehienak, aldiz, taula gainean joatearekin konformatu behar izan dira”, nabarmendu dute antolatzaileek. Uretan ordubete egin zutela argitu dute, baina “nahikoa” izan da denbora hori, diotenez, neka-neka eginda atera zirelako.
Lagan bildutakoek “aho zapore gozoarekin eta irribartsu” bukatu zuten saioa, eta “asko disfrutatu” zuten. Horregatik, Ogoñope Surf Taldeari eskerrak eman dizkiote Berbalagunek, kirol hau praktikatzeko “beharrezko materiala eskaintzeaz gain, hastapenerako azalpenak” ere eman izanagatik.