Markak apurtuko ditu aurtengo Oiz Erronkak
Oiz Erronkak inoizko parte hartzerik handiena edukiko du zapatuan [ekainak 14]: 1.021 txirrindularik hartuko dute irteera, iazko langa 100 lagun baino gehiagoko aldeagaz iraganez.
Zapatu honetan [ekainak 14], Gernika-Lumo Euskal Herri osoko txirrinduzaleen epizentro bihurtuko da berriro. Oiz Erronka-Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistaren XV. aldiak parte hartze marka oro apurtuko du aurten. Iaz 900 ziklista inguru irteera lerroan egon baldin baziren, aurten lan hori gaindituko dute: 1.021 lagunek izena eman dute. Aixerrotape Zikloturista Elkartea “oso pozarren” dago herritarrek emandako “egundoko erantzunagaz”: “Urtez urte hazten goaz, eta azken ekitaldietako dinamikak apartak izan dira; edozelan ere, aurtengoak markak gaindituko ditu”.
Urteroko formatuari eutsiz, hiru ibilbide edukiko ditu Oiz Erronkak, profil denetara egokituta. Urdaibaiz Gozatuz iraupen martxak 72 kilometroko eta 1.260 metroko desnibel metatuko ibilbidea edukiko du. Bizkaiko Kostaldea iraupen erdiko martxa 128 kilometro eta 2.190 metro desnibelduna izango da. Oiz Erronka iraupen luzeko martxaren menua, berriz, 164 kilometrok eta 3.120 metroko desnibel metatuak osatuko dute.
Emakumeen parte hartzea ere igo egingo da: 170ek izena eman dute aurten
Aukera luzea nahiz ertaina 08:00retan abiatuko dituzte, San Juan kaleko irteera eta helmuga eremutik aterata. Lehenago, 07:50ean, aurtengo omendu Pedro Horrillori omenaldi ekitaldia egingo diote. Ibilbide laburra ere hantxe hasiko eta amaituko da, baina zikloturistek 10:00etan ekingo diete pedalkadei. Halaber, ibilbide luze eta ertainak “aldaketa txiki bat” izango dute aurten: “Segurtasun arrazoiak harteko, Bakio atzean utzi ostean, San Pelaio mendatea errepide nagusitik igoko dute, amildegietako bidetik barik”.
Parte hartzearen ingurukoak.
Aurtengo izen emateari dagokionez, azken urteetako helburu “nagusienetako bat” berretsi dute: emakumezkoen parte hartzea. “Azken urteotan gertatu legez, geroz eta emakume gehiago animatzen dira parte hartzera, eta aurten 170 izango dira”. Ibilbide ertainak eta luzeak bereganatuko dute parte hartzerik handiena. Luzeari dagokionez, baina, Oiz tontorrera igoko direnak “gutxiago” izango dira: “Askok eta askok aukera luzea egiten dute, baina azken momentuan Oizera igo ala ez erabakiz; guk aukera hori ahalbidetzea bilatzen dugu. Normalean 100 txirrindulari inguruk harrapatzen dute gailurra”. Aukera ertain zein luzekoek, gainera, tarte kronomtratu bana edukiko dute: “Bizkaiko Begiratokiraino edo Oizeraino igoz neurtu ahalko dituzte indarrak”.
Ibilbide ertainak eta luzeak edukiko dute parte hartzerik handiena
Jatorriak ere “inoizkorik anitzenak” izango dira aurten. Euskal Herri osoko bazterretatik hurreratuko dira, baina bizkaitar kopurua bereziki haziko da: “%59 bizkaitarrak izango dira aurtengoan”. Espainiako geografiaren luze-zabaletik bertaratuko dira zikloturistak, baita urrunagotik ere: “Sei herbeheretar etorriko dira, lau frantziar, baita ekuadortar eta andorratar bana ere”.
Martxa ez da egun bakarrera mugatuko. Izan ere, aixerrotapetarrek “asteburu osoko esperientzia” ondu dute parte hartzaileentzat. Egitaraua barikuan [ekainak 13] hasiko dute. Izan ere, Domingo Bernaola plaza Oiz Erronka Hiria gune bihurtuko da. 17:30ean zabalduko dute eremu hori, eta txirrindulariek 17:45etik 21:00etara bitarteko epea edukiko dute, beren zenbakiak batzeko; martxaren egunean ere batu ahalko dituzte, 06:30etik martxen irteera ordura arte.
Denetariko eskaintza edukiko du Oiz Erronka Hiriak: azokagunea, zenbakiak biltzeko eremua, bizikleta solidarioa, eskaintza gastronomikoa nahiz zulaketa txapelketa
Gainera, denetariko eskaintzadun postuak edukiko dituen azokagunea antolatu dute beste behin: “Eskaintza gastronomikoa, txirrindularitzagaz erlazionatutakoa edota Urdaibaiko Esentziak txoko gastronomikoa egongo dira”. 18:30etik 19:30era artean, zulaketa txapelketa egingo dute: “Parte hartzaileek zulatuak konpontzeko uten abilezia erakutsi ahalko dute, opariak jasotzeko aukeragaz”. Beste alde batetik, bizikleta solidarioa ekimena ere egingo dute bertan: “Jendeari erabiltzen ez dituen bizikletak eroateko deialdia egiten diogu, gehien behar dutenek bizikletoi bigarren bizitza eman diezaieten”.
Helmuga harrapatu ostean, toki berean janlekua izango dute ziklistek: “Indarrak berritzeko behar duten guztia topatuko dute, 12:30etik aurrera”. Bestalde, Aixerrotapetik boluntarioen lana azpimarratu dute: “Beste zenbait martxa bertan behera utzi behar izan dituztela entzun dugu egunotan, eta geurea indartsu dago aurten ere; hori boluntario eta babesleen lanari esker lortzen dugu. Hain zuzen, aurten 100 boluntario inguru ariko dira beharrean asteburuan, eta zeharo eskertuta gaude”.