Herri bakoitzeko proiektu baten berri emateko eta iritziak jasotzeko hitzorduak zehaztu dituzte
Eako Udalak udalaren eta herritarren arteko "komunikazioa hobetzeko eta lotura estutzeko" auzo batzarrak deitu ditu barikurako, zapaturako eta domekarako: Natxituan, Ean eta Bedaronan bilduko dira.

Auzo batzar bana egingo du Eako Udalak Bedaronan, Ean eta Natxituan. Beti egin legez, udal gobernuak kontuak emango ditu eta herritarren kezka eta eskaerak jasoko ditu. Baina, horrez gain, auzo bakoitzean proiektu banari buruz hitz egingo dute
- Natxituan: barikua (ekainak 13), 19:00etan, bolatokian.
- Ean: zapatua (ekainaren 14), 13:00etan, Eskolondon.
- Bedaronan: domeka (ekainaren 15), 12:30ean, txokoan.
Hala, oraingoan, ohiko formatuaz gain, auzo bakoitza hobetzeko proiektu banaren berri eman eta horien inguruan herritarrek iritzia emateko aukera izango dute. Bedaronan txokoan akustika eta berokuntza hobetzeko lanak eta begiralekua zein horren azpiko biltegia birgaitzeko obra izango dira hizpide; Ean Beletxe balioan jartzeko proiektuak eta ideiak jarriko dira mahai gainean eta Natxituan plaza konpontzeko eta bolatoki aurrean espazio “zabal eta seguru bat” lortzeko egitasmoa izango dira gai nagusiak.
Udalaren eta herritarren arteko “komunikazioa hobetzeko eta lotura estutzeko” urtean bi aldiz auzo batzarrak egiteko ohitura sendotzen ari da azken urteetan Ean. “Gardentasun ariketa bat da, batetik, saio horietan udal-gobernuak bere lanaren inguruko kontuak ematen baititu. Baina, bestetik, parte-hartze ariketa eta komunitatea sendotzeko tresna ere badira auzo batzarrak, herritarrak batzeko, haien kezkak eta beharrak konpartitzeko eta udalari helarazteko bide ematen baitute”, arrazoitu dute udal ordezkariek.