Gernika-Lumoko Udalak 45.000 euro bideratuko ditu herriko kultur taldeentzat
Hogeita hamar bat elkartek jaso ahal izango dute Gernika-Lumoko Udalak bideratutako diru laguntza. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 26ra arte zabalik izango dela gogoratu du udalak.
Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi du 45.000 euroko diru-laguntzak emango dituela udalerriko kultur taldeei laguntzeko. Deialdia Kultur Etxearen bidez kudeatzen da, eta helburua hurrengoa da: hiribilduaren kultura-dinamismoari lagunduko dioten tokiko proiektuak sustatzea. Esan dutenez, hogeita hamar elkartek jaso ahal izango dituzte diru-laguntza horiek, beti ere 500 eta 3.000 euro artean.
Proposamenak aukeratzeko orduan, “jardueraren interes orokorra, euskal kultura eta euskara sustatzeko egiten duen ekarpena, 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egitea eta kultur arloko plan estrategikoekin bat etortzea” izango dira kontuan, nabarmendu dutenez. “Deialdiak udalerriko kultur jarduera hainbat esparrutatik bizirik mantentzen dutenei laguntzea bilatzen du”, azaldu du Ziortza Bilbao Kultura, Jai eta Euskara zinegotziak.
Laguntza mota hauetan parte hartu ohi duten kolektiboen artean, espeleologia, arkeologia, argazkigintza, musika, antzerkia edo herri-tradizioak lantzen dituzten elkarteak daude, hala nola, Marijesiak. Eskaerak aurkezteko epea astelehenean (ekainak 9) zabaldu zuten, eta irailaren 26ra arte izango da epea zabalik, argitu dutenez. Deialdiaren oinarriak, halaber, nahi dituenarentzat eskuragarri daude Udalaren webgunean eta Kultur Etxearen atarian. Horrez gain, eskatutako dokumentazioa (txostenak, memoriak, formularioak, etab.) “formatu digitalean bakarrik” aurkeztu behar direla gogoratu du udalak; ez dela paperik erabili behar. Hala, eskatutakoa aurrez aurre entregatzeko aukera ere ahalbidetu dute, gailu digitalen bidez (USBak, esaterako). Baita ere, Kultur Etxean edo posta elektronikoz bidali ahal izango da dena, oinarrietan jasotako jarraibideen arabera.