Orio eta Tolosaldea gailendu dira Euskadiko Txapelketan, Bermeon
Orioren atzetik, Donostiarra sailkatu zen gizonezkoen lehian, eta podiuma osatu zuen Bermeok. Beteranoetan, aldiz, bosgarren postuan sailkatu ziren mundakarrak.

Tolosaldea, Orio eta Badok 13 izan dira nagusi Bermeoko uretan lehiatutako Euskadiko Arraun Txapelketan. Lehen aldiz irabazi du txapelketa Tolosaldeak, eta 23 urteren ostean, garaikurra etxera eroan du berriro Oriok. Beteranoetan gailendu dira, berriz, Badok 13 eskifaiakoak, eta emozioz betetako estropadak izan ziren denak ala denak, atzokoak (ekainak 8).
Gizonezkoetan, lehia ederra eskaini zuten arraunlariek. Urdaibai, Orio, Zierbena eta Donostiarra ureratu ziren Ohorezko mailan, eta lau oilarrak batera iritsi ziren lehen ziabogara. Baina bigarren luzean Oriok erasoa jo zuen, hiruzpalau segundoko tarte bat eskuratuz, eta abantaila horrekin iritsi ziren bigarren ziabogara. Iker Zabalaren taldeak poparean lortutakoa ondo kudeatu zuen eta tarte horri eutsi zion hirugarren luzean ere bai. Azken metroetan Oriok ondo eutsi zion Donostiarraren erasoari eta helmugan hiru segundoko tartea markatu zuten, euren zazpigarren Euskadiko txapelketa lortuz. 20 minuto, 3 segundo eta 18 ehunenetan osatu zuten estropada irabazleek, eta 20 minuto, 5 segundo eta 96 ehunen behar izan zituzten Donostiarrakoek.
“Gure helburua entrenamenduetan egiten duguna estropadan erakustea zen, estres maila onagaz lehiatea, baina presarik barik. Eta nik uste dut helburua lortu dugula. Erritmo konstante batean joan gara eta azken luzera oxigenoarekin ailegatu gara eta horrek balio izan digu irabazteko”, adierazi zuen Gorka Aranberri Orioko patroiak lehia amaitutakoan.
Donostiarra, Bermeo eta Zierbena estropada guztian bata bestearen ondoan ibili eta gero, azken txanpara indartsu iritsi zen Donostiarra, bi bizkaitarrak atzean utziz eta Oriorengandik bi segundotara jarriz. Hala, Bermeoko taldeak Donostiakoak baino bost segundo gehiago behar izan zituen lanak amaitzeko, eta podiumeko azken postua eskuratu zuen, Zierbenaren aurretik; Zierbenak bermeotarrek baino bi segundo gehiagotan amaitu zuten lana.
Bosgarrenak izan ziren San Juanekoak, seigarrenak Hondarribiakoak, eta zazpigarren sailkatu ziren lekeitiarrak eta Itsasoko Ama izan zen bosgarrena.

Emakumezkoen txapelketako podiuma.Iñaki Suarez
Tolosaldeak eta Arraun Lagunakek ere “maila handiko” ikuskizuna eman zuten arraun txapelketan, emozioa amaierako metroetaraino luzatuz. Izan ere, Donostiako ontzia aurretik joan zen hasieran, baina laster hartu zion aurrea Tolosako taldeak, azkenean 78 ehunenengatik nagusituz; 10 minutu 53 segundo eta 58 ehunenetara helmugaratu zen Tolosaldea eta 10 minutu 54 segundo eta 36 ehunen behar izan zuen Arraun Lagunakek.
Lehen luze amaierara segundo bateko aldeagaz ailegatu ziren Tolosako taldekoak ziabogara, baina ziaboga hobea eginda, aurretik hartu zuten itzuliko luzea Arraun Lagunakekoek. Bueltako lehen metroetan, hala ere, laster hartu zuten lehen postua Tolosaldeko arraulariek, eta tartea horrela mantendu zuten azken 200 metroetaraino. Izan ere, denpora berera gerturatu ziren Arraun Lagunak taldekoak, eta horrela eman zituzten paladak azken metroetan, ikurrina segundu erdigatik eskuratuz.
Nerea Perez Tolosaldeko patroia “oso pozik” agertu zen estropada amaitutakoan, Euskadiko Txapelketa irabaztea taldearentzako “kristorena” dela onartuta. Gainera, liga hasi aurretik oraindik entrenamendu batzuk falta dituztela onartu arren, liga “polita” aurreikusi zuen patroiak.
Podiuma Hibaikak osatu zuen atzokoan; Errenteriarrek lehen txanda irabazi zuten eta Tolosakoengandik 16 segundora (11 minutu, 9 segundo eta 86 ehunen) sailkatu ziren. Zarautz izan zen laugarrena, eta Kaiku sailkatu zen haren atzetik. Ondarrutarrak seigarrenak izan ziren, irabazlearengatik 50 segundora, 11 minutu 44 segundo eta 46 ehuneneko denboragaz. Eta, Deustu-Bilbo eta Portugalete izan ziren zazpigarren eta zortzigarren postuak lortu zituztenak.

Beteranoen podiuma, Bermeon.Iñaki Suarez
Beteranoetan, Badok 13 nagusi.
Beteranoen lehian, ez zuten horrenbesteko estutasunik bizi estropada irabazi zuten Badok 13ko arraunlariek. 10 minuto, 13 segundo eta 91 ehunen behar izan zituzten lanak amaitzeko, eta bigarrenak izan ziren getxoztarrek zazpi segundo gehiago behar izan zituzten: 10 minuto, 21 segundo eta 49 ehunen. Fortunakoak izan ziren hirugarrenak, bigarrenengandik segundo bakarrera, eta laugarren sailkatu ziren Illunbekoak. Bosgarren postuan, berriz, Mundakako beteranoak ailegatu ziren, 10 minutu, 48 segundo eta 45 ehuneneko denboragaz, eta horien atzetik sailkatu ziren Zumaiarrak. Bilboko beteranoek eta Itsasoko Amakoek osatu zuten sailkapena.