Kaltzada egoitzako egoiliarrentzako errehabilitazio makina bat egin dute Barrutialdeko ikasleek
Barrutialde Lanbide Heziketa zentroko Diseinu zikloko lehenengo mailako ikasleek hiru hilabetez diseinatu eta fabrikatu duten makina montatu dute gaur (ekainak 5) Kaltzada Egoitzan.

Barrutialde Lanbide Heziketa zentroko ikasleek errehabilitazio makina bat diseinatu eta fabrikatu dute Kaltzada Egoitzako egoiliarrei laguntzeko asmoz, makinaren mugimendu automatizatuari esker. Hiru hilabeteko bideari gaur eman diote amaiera, alegia, makina egoitzan bertan instalatu baitute. Diseinu zikloko lehenengo mailako ikasleek esan dutenez, “narriadura kognitibo larria duten adineko pertsonek sorbalda lantzeko autopasibo bat” da fabrikatu duten makina, eta egoiliarrak “modu errazagoan mugitzeko aukera” eskaintzen du.
Barrutialdeko irakasleek azaldu dutenez, hirugarren ebaluaketara begira ze erronka sortu hausnartzen aritu ondoren bururatu zitzaien Kaltzada Egoitzaren ideia: “Egoitzarekin harremanetan jarri ginen, baina hasiera batean ez genekien proiektua bera zertan oinarritu. Orduan, pare bat irakasle etorri ginen hemengo gimnasioa bisitatzera, eta hemengo langileekin hitz eginez, beharrizanak plazaratu eta hortik abiatu ginen proiektua ikasleei proposatzeko”. Ikasleak ere hurbildu ziren egoitzara, “lehenengo pertsonan behar horiek aztertzeko”, eta jarraian, erronkan lanean jarri ziren.
Hirugarren ebaluazioan landu beharreko gaitasunak oinarritzat hartu zituztela nabarmendu dute, halaber, proiektua gauzatzeko. “Bezeroaren ezaugarriak aztertzetik abiatu ziren ikasleak, gero merkatuak zer eskaintzen duen sakon aztertu, eta hori ardatz, proposamen pertsonalizatuak sortzera pasa ziren”, gaineratu dute irakasleek.
Izan ere, Ethazi eredua jarraitzen dutela gogoratu, eta “talde lanean oinarritutako erronkak” egiten dituztela azpimarratu dute. Horrela da, beraien helburua ikasleek gaitasun jakin batzuk lortzea dela, “ez soilik azken produktuak fabrikatzea”. Gainera, irakasgai guztiak “zeharka nahasteko modua” ere badela sinesten dute: “Ikasleek irakasgai guztietako edukiak nahastu, eta beraiek gauzatzen dituzten proiektuak erabilgarriak izan daitezkeela ikusteko aukera izan dute, klasean entregatu beharreko lan batetik haratago”.
“Aberasgarria”.
Diseinatu, produzitu, bertara joan, eta montatu. Horiek izan dira Barrutialdeko Lanbide Heziketako ikasleek jarraitutako pausoak. Egoiliarrentzat onuragarria izan daitekeen bezala, ikasleentzat ere “aberasgarria” dela aitortu dute. Gainera, horrelako proiektuek talde lana indartzea ahalbidetzen dutela adierazi dute: “Proiektu honekin talde harremana estutu dugu, nolabait. Taldekideen artean lana banatzen ikasi dugu; bakoitzaren denborak eta mugak errespetatzen”.
Bestalde, Kaltzada Egoitzako langileekin izandako harremana aipatu dute, “prozesu guztian zehar harreman iraunkorra” izan dutela zehaztuz. Aurrera ere bota dute begirada, herriko eragileekin elkarlanean jarraitu nahi dutela esanez: “Ikastetxea herriraztea beti da positiboa. Kasu honetan zaintzaren arloan izan da, baina aurrerantzean ere herriko dinamiketan zein eragileekin elkarlanean aritzea izan behar da bidea”.